Ekonomia -
Kontrol saioa Kongresuan
Rajoyk aitortu du erreformek ez dutela eraginik izango epe laburrean
Rubalcabak esaldi batean laburbildu nahi izan du erreforma: "Soldata jaistea onartu ezean, kalera joango zara".
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak aitortu du erreformek ez dutela ereginik izango "epe laburrean", Espainiako eta Europako egoera ekonomikoen ondorioz, baina etorkizunean hazteko eta enplegua sortzeko oinarriak ezarri dituela gaineratu du.
Rajoyk Diputatuen Kongresuan egin ditu adierazpenok, Gobernuaren kontrolerako saioan, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak egindako galderei erantzunda.
Rubalcabak lan erreforma-ren aurka egin du. Izan ere, bere aburuz, lan harremanen esparruari aurkeztutako "osoko zuzenketa bat" da. Hori horrela, erreforma esaldi batean laburbildu nahi izan du: "Soldata jaistea onartu ezean, kalera joango zara".
"Egia da enpresek zein sindikatuek botere asko galduko dutela, baina guk jendearentzat, langileentzat, gobernatu behar dugu", erantzun du gobernuburuak.
Rubalcabak salatu egin du erreformaren edukia, Europan segurtasuna eta malgutasuna uztartzen saiatzen ari diren bitartean ("malgu-segurtasun" ideia), Rajoyren Gobernuak malgutasuna eta segurtasun eza uztartu ditu.
PSOEko idazkari nagusiaren hitzetan, erreformak segurtasun-gabezia ekarriko die lana dutenei, baina lan bila daudenei ere bai, enpresaburu berrien esku izango den kontratu motak (urte bateko proba epea aurrez ikusten du) "kaleratze askea eta doanekoa" ekarriko baitu.
Bere aldetik, Rajoyk nabarmendu du bi aukera zituela: "Ezer ez egitea eta, PSOEk egin bezala, ezertarako balio ez duten erreformak onartzea, edo ostiralean onartutako proiektuak ezarritako bidean aurrera egitea".
Gobernuburuak gogorarazi du 20 eta 33 eguneko kaleratzeak existitu egiten zirela, baina gaineratu du hemendik aurrera "benetan" funtzionatuko dutela.
Lan merkatuarena erreforma inportanteena den arren, oraindik gehiago onartuko dituztela aurreratu du.