Ekonomia -

Lan-erreforma onartu dute

Gobernuak langileen kaleratzea merkatu du

Soraya Saenz de Santamariak lan-erreforma 'historikoa' dela eta langilea kaleratzea azken aukera izango dela esanda hasi du lan-erreformaren inguruko prentsaurrekoa.

Soraya Saenz de Santamaria, Gobernuko bozeramailea. Argazkia: EITB.
Soraya Saenz de Santamaria, Gobernuko bozeramailea.
Lan erreformaren oinarrizko puntuak

02:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bidegabe kaleratutako langile finkoen kalte-ordaina 45 egunetik 33ra jaistea onartu du Mariano Rajoyren Gobernuak. Horixe da ostiral honetan iragarritako lan-erreformaren puntu nagusietako bat. Kalte-ordain hori, gainera, 24 hilabetez kobratzeko eskubidea izango da, baina ez gehiago. 

Aldi baterako kontratuei dagokienez ere aldaketak daude: 24 hileko gehienezko iraupena izango dute, bata-bestearen atzetik etengabe kateatzea ekiditeko. Neurria 2012ko abenduaren 31n sartuko da indarrean.

Enpresa txiki eta ertainak eta langile autonomoak "kontratatzaile handiak" bihurtu nahi ditu Gobernuaren lan-erreformak, Fatima Bañez Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroak azaldutakoaren arabera. Horretarako, "ekintzaileei zuzendutako" mugagabeko kontratua sortu dute. Kontratu horrek urtebeteko proba-aldia izango du.

Gainera, Gobernuak "formakuntzarako kontua" deritzona sortu du. Horren bidez, langile bakoitzak urtean formakuntzarako 20 ordu erabiltzeko eskubidea du, enpresak ordainduta.

Hitzarmen koletiboak bi urtez luzatu ahal izango dira, gehien jota. Neurri horren bidez, Rajoyren Gobernuak hitzarmenen mugagabeko luzapenari amaiera jarri nahi dio.

Enpresek diru-saria jasoko dute 30 urtez beherakoak eta epe luzeko langabeak kontratatzeagatik; 3.600 euro gehienez 30 urtez beherakoak kontratatzeagatik eta 4.500 eurokoa epe luzeko langabeak kontratatzeagatik.

Finantza-erakundeen zuzendariek kaleratuak izanez gero jasotzen zuten kalte-ordaina kendu egin du Gobernuak. Horrela, eta Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko bozeramaileak esan bezala, Europar Batasuneko gomendioak jarraitu ditu Exekutiboak.

Saenz de Santamariak lan-erreforma 'historikoa' dela eta langilea kaleratzea "azken aukera" izango dela nabarmendu du lan-erreformaren inguruko prentsaurrekoaren hasieran.

Erreforma Kongresura eramango dute

Bestalde, Gobernuak lan-erreforma Lege-proiektu moduan bideratzeko asmoa duela iragarri du ere Soraya Saenz de Santamariak prentsaurrekoan. Exekutiboaren helburua erreformaren inguruan "ahalik eta adostasun handiena" lortzea da, eta horregatik erreforma Kongresura eramatea erabaki du, nahiz eta Ministroen Kontseiluak Errege Lege Dekretu moduan onartu duen.

Gauzak horrela, Ministroen Kontseiluak onartu ondoren, erreforma Diputatuen Kongresura eramago dute diputatuen oniritzia jasotzeko. Ondoren, bideratzea bozkatu beharko dute, Lege-proiektu moduan. Azken izapide horri esker, alderdi politikoek zuzenketak sartzeko aukera izango dute.

Astelehenean, enpresari eta sindikatuekin bilera

Fatima Bañez Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroak iragarritakoaren arabera, astelehenean eragile sozialekin bilduko da, hau da, sindikatuekin eta enpresariekin, ostiral honetan onartutako lan-erreformaren nondik norakoak aurrez aurre azaltzeko. Bilera horretan arduraz jarduteko eskatu die.

Bañezen hitzetan, Gobernuaren oinarrietako bat "elkarrizketa soziala zabalik izatea" izan da, elkarrizketa hori demokraziarentzako "oinarrizkoa" delako. Hori aintzat hartuta, asteleheneko bilera antolatzea erabaki dute, nahiz eta, ministroaren esanetan, azken egunetan "harremanetan" izan diren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea