Ekonomia -

Gobernu bilera

Jaurlaritzak irregulartasunak atzeman ditu kontratu informatikoetan

Jaurlaritzak Fiskaltzari jakinarazi dio zer egin erabaki dezan. 2000 eta 2009 artean sinatutako kontratuak dira eta 23 milioi eurora iristen dira.

Idoia Mendia Eusko jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: Efe
Idoia Mendia Eusko jaurlaritzaren bozeramailea.
Jaurlaritzak irregulartasunak atzeman ditu Azkarragaren garaian

01:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaurlaritzak "irregulartasun larriak" atzeman ditu Justizia Sailak 2000 eta 2009 artean, Joseba Azkarraga sailburu zenean, egindako 15 kontratu informatikotan, eta Fiskaltzari jakinarazi dio.

23 milioi eurora iristen dira irregulartasun horiek, Idoia Mendia bozeramailearen arabera.

Kontratuetako batzuk, ordainduta egon arren, hasi ere ez dira egin edo erabat osatu gabe daude. Beste kasu batzuetan proiektuak aurrera eramaten hasteko epeak "oso laburrak" ziren, hori dela eta, enpresak aurretik bazekiela proiektua berea izango zela ondorioztatu du Jaurlaritzak.

Beste kontratu batzuk agerian uzten omen zuten ez zegoela kontratatutakoa aurrera eramateko asmorik, finantziazioa justifikatzeko dokumentu bat besterik ez omen ziren hainbat kontratu.

Kontratuak epaitegietako prozesuen kudeaketarekin, bulego judizial berriarekin eta espediente judizial elektronikoarekin lotutako proiektuekin zuten zerikusia.

Irregulartasun horien susmoa izan bezain laster, Jose Manuel Finez Justizia sailburuorde ohiak, 2010ean hil zenak, bi auditoria tekniko eskatu zituen, bat barnekoa eta beste bat kanpokoa.

Gero, enpresa informatiko hornitzaileekin bildu zen, Justizia Administrazioko sistema informatikoaren jarraipena bermatzeko.

Mendiak azaldu duenez, kontratuak sinatu zituzten enpresek aitortu zuten lan asko egin gabe utzi zituztela, baina burutzeko konpromisoa hartu zuten.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ez ditu enpresen izenak jakinarazi, ezta Justizia Saileko nortzuk sinatu zituzten kontratuak. Era berean, errugabetasun presuntzioa aldarrikatu du.

Jaurlaritzarentzat, hala ere, oso larria da gertatutakoa, "Justizia administrazioan garrantzia duten gaiei eragiten baitie".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea