Ekonomia -
EBren goi-bilera
Rajoy: 'Lan erreformak greba bat ekarriko dit'
Esaldi horri lotuta egin du Rajoyk estreinako eguna EBn. ''Sindikatuei eta enpresariei gustatuko ez zaizkien gauzak egongo dira; baina, gure lana gobernatzea da'', esan du ondoren, prentsaurrekoan.
Erredakzioa
"Lan erreformak greba bat ekarriko dit", esan dio Rajoyk Jirky Katainen Finlandiako lehen ministroari Europako Kontseiluaren bileraren hasieran, Bruselan, telebistek hartu duten irudietan entzun ahal denez. "Orain gogorrena dator", esan dio Mark Rutte Herebeheretako lehen ministroari bilerako beste une batean. "Herentzia oso txarra utzi digute", gaineratu du. Hitz horiei lotuta egon da Mariano Rajoy presidentearen estreinako jardunaldia EBren goi-bilera batean.
Azalpenak
Ondoren, prentsaurrekoan, adierazpen inguruko azalpenak eman ditu Rajoyk. Gustukoak izango ez diren gauzak egongo direla jakin badakiela esan du presidenteak. Gainera, PSOEri lege aldaketa batengatik egindako greba ere gogoan izan du, ''ezertarako balio izan ez zuen greba'', gaineratu du.''Sindikatuei eta enpresariei gustatuko ez zaizkien gauzak egongo direla badakit; baina, gure lana gobernatzea da'', gaineratu du.
EBn, estreinakoz
Gobernuak zor publikoa finkatzea lortzeko hartutako neurriak azaldu ditu gaur Mariano Rajoyk Europako Kontseiluaren aurrean; halaber, Europako Banku Zentralak enpresa txiki eta ertainek finantziazioa lortzeko likidezia ematen jarraitu behar duela esan du.
Espainiako presidente gisa Rajoyk Europako erakundeetan egin duen lehen agerraldia izan da. Espainiako presidenteak, 2012an Espainiak duen egoera ikusita, ez du defizita igotzeko aipamenik egin, egoera ekonomikoak okerrera egin duen arren. Rajoyk % 4,4n finkatu du 2012rako Espainiako defizita.
Halaber, Egonkortasun Finantzarioaren legearen aurreproiektuaren nondik norakoak azaldu ditu, eta hurrengo Ministroen Kontseiluan jorratuko den finantza sistemaren erreformari buruz hitz egin du. Ildo horretan, lan erreformaren harira, Gobernuak datorren astean eztabaidatuko duela esan du.