Ekonomia -

Bilera Barrosorekin

Rajoyk ez du aurrekontuen onarpena aurreratuko

Europako Batzordeko iturriek jakitera eman dutenez, Barrosok aurrekontuen aurkezpena aurreratzeko eskatu behar zion Espainiako presidenteari.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, Barroso agurtzen. Argazkia: Efe
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, Barroso agurtzen.
Rajoy Barrosorekin bildu da, EBren bileraren aurretik

01:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu du ez duela aurrekontuen aurkezpena aurreratuko eta 2012ko Estatuko aurrekontuak martxoan aurkeztuko dituela, aurreikusi bezala. Beraz, Europako Batzordeak hazkunde aurreikuspenak aurkeztu ondoren izango da hori.

Rajoyk berretsi egin du egutegi hori Jose Manuel Durao Barrosorekin bildu ondoren, Europako Kontseiluaren batzarraren aurretik, emandako prentsaurrekoan.

Europako Batzordeko iturriek bileraren aurretik jakitera eman dutenez, Barrosok aurrekontuen aurkezpena aurreratzeko eskatu behar zion Espainiako presidenteari kontu publikoetan aldaketa gutxiago egon daitezen, baina Rajoyk bere egutegiari eutsi dio.

Finantza sektorearen erreforma

Rajoyk jakinarazi du finantza sektorearen erreforma "aste honetan" onartuko dutela, eta lan-merkatuarena gero etorriko dela, otsailean.

Rajoyk ez du finantza sektorearen erreformaren inguruko xehetasunik eman, baina ziurrenik ostiraleko Ministroen Kontseiluak onartuko du. Erreforma horrekin, banketxeei 50.000 milioi euroko funts-hornidura eskatuko zaie balizko galerei aurre egiteko.

Lan-erreforma

Bestalde, Rajoyk berretsi du lan-erreforma "otsailean" onartuko dutela, baina ez du data zehaztu. Gobernuak erreforma programaren gai nagusiak hiru asteren buruan onartuko zituela iragarri zuenez, lan merkatuarena otsailaren 10ean onartzea da litekeena.

Gainera, Gobernuko presidenteak begi onez jo du patronalak eta sindikatuek iragan astean negoziazio kolektiboaz egin zuten akordioa. Hala ere, ez du argitu Gobernuaren erreformak akordioaren baldintza guztiak beteko ote dituen.

Barroso

Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidenteak, bere aldetik, ez du baztertzen Espainiak 2012rako daukan defizit murrizketaren helburua malgutzea, atzeraldia-egoera berrira egokitzeko; egungo Gobernuak eskatzen duen bezala. Durao Barrosok esan du Europar Batasuneko Ekonomia ministroek eztabaidatuko dutela gaia.

Iaz %8ko defizita izan zuen Espainiak, hasieran espero zen %6tik bi puntu altuagoa, eta 2012rako PIBaren %4,4ra murrizteko konpromisoa hartu zuen. Hala ere, Espainiako ekonomia aurten hazi egingo zela aurreikusita, ezarri zuten helburu hori, eta orain, Nazioarteko Diru Funtsak eta Espainiako Bankuak atzeraldia izango dela iragarri dute.

“Komenigarria da Espainiako egoeraren inguruko eztabaida bat izatea Eurotaldearen eta Ecofin eremuaren baitan. Baina nik ezin dut hemen, orain, gehiago aurreratu. Baldintzen inguruko eztabaida bat egon, egongo da” azaldu du Barrosok, Rajoy ondoan zuelarik, kazetari batek Espainiak bere defizita murrizteko zer aukera dauden galdetu dionean.

"Espainia funtsezkoa da Eurogunearen egonkortasunerako. Garrantzitsua da Gobernu berriak kide europarrekin harreman eraikitzailea izatea eta haren erreforma-planak ongi zehaztuta jakinaraztea dagokion egutegiarekin", adierazi du Europako Batasuneko presidenteak.

Erreformak

Barrosok Rajoyri eskatu dio "premiaz" ekin diezaiola "anbizio handiko neurri zehatzak onesteari eta aplikatzeari, batik bat, lan-merkatuari eta finantzen sektoreari dagokionez".

"Oso garrantzitsuak dira abenduaren 30ean onartutako premiazko neurriak, BPGren % 1,4 ingurukoak, 2011ko defizitaren desbideraketa, hein handi batean behintzat, zuzentzera bideratutakoak. Hala eta guztiz ere, orain ahalegina egin behar da 2012an defizit publikoari eusteko", eskatu du Batzordearen presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea