Ekonomia -

Merkel-Rajoy bilera

EBko funtsen soberakinak enplegua sortzera bideratzea eskatu du Rajoyk

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak babesa eman dio ekimen horri eta Alemaniak soberakin horien erabilerarekin jarrera "malgua" izango duela azpimarratu du.

Angela Merkelek ohore militarrekin egin dio harrera Mariano Rajoyri Berlinen. EFE
Angela Merkelek ohore militarrekin egin dio harrera Mariano Rajoyri Berlinen. EFE
Angela Merkelekin bildu da Rajoy

01:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidenteak Europar Batasuneko diru-funtsetako soberakinak enplegua sortzeko programetara bideratzea eskatuko du asteleheneko Kontseiluan.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin bildu ondoren Berlinen emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, Herman van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari helaraziko dio proposamena eta gainerako herrialdeetako ordezkariekin bilera-sorta egiteko duen asmoa.

Merkelek, bere aldetik, babesa eman dio ekimen horri eta Alemaniak soberakin horien erabilerarekin jarrera "malgua" izango duela azpimarratu du.

Proposamen horrekin batera, Rajoyk bigarren proposamen bat egingo die Europako kideei: laguntza publikoak jaso dituzten finantza-erakundeetako zuzendariek soldata bateratua izatea herrialde guztietan.

"Ez dugu nahi zergadunen dirua daukaten finantza-erakundeek bidezkoa, zentzuzkoa, arrazoizkoa eta jendearen interesekin errespetuzkoa ez den ordainsariak izatea".

Langabeziaren "eredu austriarra"

Hirugarren proposamen bat ere egiteko asmoa du Rajoyk Europako Kontseiluko asteleheneko bileran: langabeziaren "eredu austriarra" delakoaren inguruko eztabaida zabaltzea. Eredu horren arabera, Rajoyk azaldu duenez, langile bakoitzak langabeziara kotizatutako zati bat "motxila txiki batean" sartzea lana aldatzen duenean berarekin eraman ahal izateko.

Proposamen horrek langileen mugikortasuna bultzatuko luke, Rajoyren ustez.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ez du azken bi proposamen horin gaineko komentariorik egin, baina Europako funtsen soberakinak gazteen kontratazioari eta lanbide heziketari laguntzen dioten programetan erabiltzearen alde agertu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea