Ekonomia -
Krisiaren aurkako neurriak
Gobernuak bi edo hiru astetan izango du prest finantza erreforma
Halaber, Rajoyk jakinarazi duenez, datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluan "aurrerapauso garrantzitsua" emango dute lan-erreformaren inguruan.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak PPko Batzorde Exekutibo Nazionalari jakinarazi dionez, finantza sistemaren erreforma bi edo hiru astetan izango dute amaituta.
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak bileraren ostean egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, lan-erreformaren inguruan "aurrerapauso garrantzitsua" emango dute datorren ostiralean, Ministroen Kontseiluan.
Cospedalek ez du zehaztu zein izango den "aurrerapauso garrantzitsu" hori, baina, PPtik esan dutenaren arabera, baliteke Mariano Rajoyk hilaren 30eko Europako Kontseiluan lan-erreformaren nondik norakoak azaltzeko txosten bat aurkeztea. Beraz, litekeena da ostiraleko Ministroen Kontseiluak akordioa edo akordio moduko bat zehazten duen agiria izatea.
Gizarte eragileek jarrerak bateratu bitartean, Gobernuak aurrera egin du bere erreformetan, eta horiek aurrera ateratzeko premiaren adibidea da finantza sektorearen erreformarena. Bestalde, baliteke astean zehar gizarte eragileen negoziazioen inguruko albisteak izatea.
Cospedalek ohartarazi duenez, erreforma horren garrantzitsua denez, Gobernuak aurreratu egin behar zuela erabaki zuen. Hori horrela, hasiera batean proposatu bezala lehen hiruhilekoan bukatu ordez, pausoak arindu ditu, eta bi edo hiru astetan izango dute prest.
Cospedalen hitzetan, bankuen balantzeak onbideratzea eta Espainian izan beharreko banku eta aurrezki kutxen "kopuru egokia" finkatzea izango ditu erreformak helburu.
Cospedalek azaldu duenez, defizita % 4,4raino murrizteko helburuari eutsiko dio Rajoyk; izan ere, alderdiaren exekutibaren aurrean adierazi duenez, helburu "ukaezina" da, eta Nazioarteko Diru Funtsaren aurreikuspen negatiboek ere ez dute lortuko Gobernua helburu horretatik aldentzea.