Ekonomia -

Krisia

Bilketa datuak faltsutu ez dituztela esan du Bizkaiko Foru Aldundiak

Bizkaiko Foru Aldundiak zerga helburua bete izana "erabat faltsua" dela esanez lehendakariak egin zituen adierazpenei foru diputatuak erantzun die.

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatua. Europress.es
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatua.
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatua. Europress.es

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuaren hitzetan, Foru Aldundiak ez ditu bilketa "datuak faltsutu" eta urrian Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan aurreikusitakoa "zehatz" bete dutela esan du.

Foru diputatuak agiri batean erantzun dio Patxi Lopez lehendakariari, atzo horrek Bizkaiko Foru Aldundiak bere zerga helburua bete izana "erabat faltsua" dela esan ondoren. Lehendakariaren esanetan, 2011ko aurrekontuetan aurreikusitakoa baino "sei puntu baino gehiago galdu dituzte, 400 milioi euro baino zerbait gehiago".

Iruarrizagak azaldu duenez, Bizkaiko Aldundiak "zehatz" bete du bilketaren aurreikuspena. "Ez dugu gezurrik esan, ez dugu datu faltsurik eman, egia esan dugu", azpimarratu du. Jaurlaritzak "bere kontuak, defizita eta zorra" ezagutzera emateko eskatu dio Lopezi Iruarrizagak, “besteez hitz egiten ibili beharrean”.

Ogasun eta Finantza diputatuaren arabera, Bizkaiko Aldundiak urriko Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan egin zuen diru-bilketaren aurreikuspena. 2011rako aurreikuspenaren % 93 beteko zutela aurreratu zuen bertan, eta hasieran aurreikusitakoa baino zazpi puntu gutxiago lortuko zituztela azaldu zuen.

"2011 ixteko aurreikuspen hori erabili dugu 2012ko aurrekontuak prestatzeko, eta beraz, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak urrian aurreikusitakoa bete da", berretsi du.

Bestalde, Lopezek gaur agertutako "ustekabea" kritikatu du; izan ere, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan onartutako datuak Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak hiru foru aldundietako ahaldun nagusiekin egindako prentsaurrekoan eman zituen jakitera.

Bilketa datuak

Araban, 1.831 milioi euro bildu zituzten iaz zerga kontzertatu bidez, aurreko urtean baino % 4,6 gutxiago; Bizkaian eta Gipuzkoan baino askoz ere jaitsiera nabarmenagoa izan zen bertan.

2010ean baino 84,6 milioi euro gutxiago bildu zituen Arabako Foru Aldundiak iaz, eta 2011rako aurreikusitakoa baino 206 milioi euro gutxiago; % 11,2 gutxiago, hain zuzen.

Beste bi foru aldundiek ere diru gutxiago bildu zuten iaz, aurrekoan bildutakoaren aldean, baina bilketak gutxiago egin zuen behera; % 0,8, Bizkaian, eta % 2,3, Gipuzkoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea