Ekonomia -

Elkarrizketa ETB-2n

'PP erdia kartzelatu nahi' duen galdetu dio lehendakariak Montorori

Patxi Lopezek adierazi du "zentzugabea" dela aurrekontuak betetzen ez dituzten kudeatzaile publikoei erantzukizun penalak exijitzea.

Patxi Lopez lehendakariari eginiko elkarrizketaren laburpena

04:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak "PP erdia kartzelatu nahi" duen galdetu dio Cristobal Montoro Ogasun ministroari. Izan ere, aurrekontuak betetzen ez dituzten kudeatzaile publikoei erantzukizun penalak exijitu ahal izateko erreforma sustatuko duela iragarri zuen horrek atzo.

ETB-2ko "Egun on Euskadi" saioan egindako elkarrizketa batean, Lopezek esan du erreforma hori "zentzugabea" dela.

Gasteizko Gobernuko buruak kritikatu egin du defizita kontrolatzea "sakratu" bihurtu dela, eta aitzakia horrekin hainbatek "astakeriak" egin dituztela.

"Europa osoan, helburu bakarra defizita kontrolatzea da, eta ondorioz herrialdeak atzeraldian eta geldialdi ekonomikoan daude, gobernuek baliabide ekonomikoak behar baitituzte enplegua sortzeko", esan du.

Lehendakariaren esanetan, kudeatzaile publiko batek "irregulartasunak" egiten baditu, badago "auzitara jotzeko aukera", eta beraz, "zentzugabea" da aipatu erreforma sustatu nahi izatea.

Halaber, Lopezek gogorarazi du "batzuetan" beharrezkoa dela kredituak eskatzea "gehiago gastatu ahal izateko", "zerbitzu publikoei eustea, ekonomia garatzea eta enplegua sortzea" helburu. "Hori ezin da delitu izan. Ez dakit ministroak PP erdia kartzelatu nahi duen, haren Gobernuan badagoelako Udal batean 7.000 milioi euroko zuloa utzi duena".

Gainera, hainbat erkidegok Osasun sistemako fakturak "lau urte berandu" ordaintzen dituztela aipatu du.

Jaioberri lapurtuak

Bestalde, Lopezek esan du 50eko eta 90eko hamarkaden artean izan ziren jaioberri lapurreten atzean "sare bat" zegoela eta, beraz, "azkenera arte ikertu" beharko dela.

Hori horrela, lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritzak "baliabide guztiak" jarriko dituela familia kaltedunen esku.

Bere esanetan, azken egunetan irekitako hobiak hutsik topatu izanak erakutsi egiten du jaioberrien lapurreten atzean "medikuak, ospitaleak eta hilerriak" izan zirela.

Bakegintza

ETAren amaierari dagokionez, Gasteizko Gobernuko buruak esan du "adostasun orokorra" dagoela espetxe politika aldatzeko beharraren inguruan, eta "PP barruan ere" badaudela iritzi horrekoak direnak.

Horrenbestez, espetxe politika aldatzea defendatu du, "bakea errotzeko" lagungarri izan daitekeelakoan.

Azkenik, Auzitegi Konstituzionalak Sortu ez legeztatzeak "harritu" egingo lukeela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea