Ekonomia -

Gipuzkoan

Olanok auzitara joko du Bilduk 'akusazioari' eusten badio

Garitanoren hitzetan, Bidegiko desorekaren inguruko salaketa EAJko kudeaketa txarrari egotzi behar zaio, eta ez diru publikoa bidegabe erabili izanari.

Markel Olano, EAJko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Argazkia: efe.
Markel Olano, EAJko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Argazkia: efe.
Gipuzkoako errepideek aurrez aurre ipini dituzte EAJ eta Bildu

01:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markel Olano EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaile eta foru ahaldun nagusi ohiak iragarri duenez, bere alderdiak auzitara joko du Bilduko foru gobernuak zeharka egindako akusazioei eusten badie. Bilduk "ustez Bidegiko diru publikoak bidegabe erabili" izana egotzi dio aurreko foru gobernuari.

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegitura Saileko diputatuak atzo egindako salaketari erantzun dio Olanok Donostian egindako prentsaurrekoan. Ugartek aurreko gobernutik 247 milioi euroko zorra jaso dutela esan zuen, besteak beste, Bigarren Ingurabideko eta AP-1eko lanetan izandako desfaseagatik.

Olanoren hitzetan, bere alderdiak "ez du onartuko inola ere aurreko Gobernuari zeharka diru publikoak bidegabe erabili izana egoztea". Aurreko Gobernu horrek bera zuen buru, jeltzaleekin eta EArekin.

Olanoren ustez, Bilduko foru gobernuak "behin eta berriro horrelako jardunbideak” egon direla ematen du aditzera eta EAJk "ez dio horrelako gehiagorik onartuko"; ildo horretan, Ugartek salaketei eusten badie auzitara joko dutela iragarri du.

Martin Garitanok Olanori erantzun dio

Martin Garitano Gipuzkoako foru aldun nagusiaren hitzetan, Bilduk atzo Bidegiko 246 milioi euroko "aurrekontuen desorekaren" harira egindako salaketa EAJren eta Hamaikabaten kudeaketa txarrari egotzi behar zaio, eta ez diru publikoa bidegabe erabili izanari.

Garitanok prentsaurrekoa eman du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuarekin. Bere Gobernuak lortutako datuen arabera, Gipuzkoako Aldundiak sustatutako eta kudeatutako lanetan "% 2 eta % 10 arteko desoreka" aurkitu dute; Bidegik sustatutakoetan eta kudeatutakoetan, aldiz, "% 38 eta % 65 arteko" desoreka aurkitu dute.

Olanoren iritziz, ez dute "kudeaketa egokia egin". "Gestore egoki batek ez luke, inola ere, desoreka horiek onartu behar, eta hori izan da, azken finean, Ugarteren asmoa, kudeaketa txarra egin dela azaltzea; izan ere, gustokoa izan edo ez, zenbakiak hor daude, eta horrela erakusten dute".

Ildo horretan, Olano esan du ez duela ulertzen EAJren jokabidea Ugarteren kargu uztea eskatuz eta auzitara joko duela esanez. Izan ere, Ugartek "datu errealak aurkeztu baino ez du egin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea