Ekonomia -
Ministroen bilera
Iruzurraren aurkako plana iragarri du Rajoyren Gobernuak 2012rako
Bestalde, Garoñako zentral nuklearraren inguruan txosten berria eskatuko du Espainiako Gobernuak.
Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko ordezkariak iruzurraren aurkako plan bat iragarri du 2012. urterako. Bere hitzetan, plan horri esker 8.761 milioi euro bilduko dituzte.
Ministroen bileraren ondorengo agerraldian, Saenz de Santamariak esan du plan horren helburu nagusia "ezkutuko ekonomia" azaleratzea izango dela eta, horretarako, ikuskari kopurua handitu egingo duela.
Ezkutuko ekonomiaren eta paradisu-fiskalen aurkako egitasmoa izango da, Saenz de Santamariaren hitzetan. Lehenengo helburua bete ahal izateko, zenbait finantza-transakziotan esku-diruaren erabilera mugatuko du Gobernuak.
Iruzurraren aurkako planak hiru alor ezberdinetan eragina izango du: zerga-bilketan iruzurra saihesteko kontrola handitzea, Erkidegoetako organo fiskal ezberdinekin elkarlana hobetzea eta bilketa prozesuan kontrola areagotzea.
Gizarte Segurantzaren defizita
Gizarte Segurantzak 668 milioi euroko defizitarekin itxi zuen 2011. urtean, Barne Produktu Gordinaren % 0,06. Zapateroren Gobernuak BPGren gaineko % 0,4ko superabita aurreikusi zuen, gaur Saenz de Santamariak gogoratu duenez.
Datu hau "txarra" dela onartu du Gobernuko bozeramaileak, baina pentsiodunei "lasai" egoteko eskatu die, pentsioak "zehaztutako epeetan" ordainduko direlako.
Egoera "gogorra" topatu dutela adierazi du Saenz de Santamariak, "espero baino gogorragoa" eta, horregatik, etorkizunean onartuko dituzten neurriak ere "gogorrak" izango direla aurreratu du.
Fiskaltza Politikarako Batzordearen bilera
Urtarrilean, Gobernuak Fiskaltza Politikarako Batzordea deituko du, Autonomia Erkidegoekin batera, alor publikoko enpresen egoera aztertzeko eta murrizteko, defizit publikoa hobetzeko helburuarekin. Bozeramaileak adierazi duenez, Administrazio Publikoan 4.000tik gora erakunde, fundazio eta partzuergo daude. "Datu hori murriztea beharrezkoa da", esan du.
Fiskaltza Politikarako Batzordean 2010. urtean onartu zuten txostena aztertuko dute. Bertan 515 elkarte publiko edo kargudun murriztea aurreikusi zuten, baina, 69 besterik ez dituzte kendu.
Garoñari buruz, txosten berria
Espainiako Gobernuak, Industria Ministerioaren bitartez, Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren bizitzaren luzapenari buruzko txosten bat eskatuko dio Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari. Garoñako zentralaren itxiera 2013rako aurreikusita zegoen, aurreko Gobernuak zentral nuklearraren luzapena onartu ostean.
Ildo horretan, Segurtasun Nuklearrerako Kontseilua txosten horiek egiteaz arduratzen dela esan du; izan ere, zentral nuklearren "egoera teknikoa eta bizitza erabilgarria luzatzeko aukera" aztertzen du. Hori dela eta, txostena eskatzea erabaki dute, Industriak Garoñaren inguruan inolako erabakia hartu baino lehen.
Carlos Urquijo, EAEko ordezkari berria
Bestalde, Carlos Urquijo Euskadiko PPko ordezkaria Gobernuak Euskadin duen ordezkari berria izango da, Ministroen Kontseiluak erabakita. Urquijok Mikel Cabiecesen (PSE) tokia hartuko du horrela.