Ekonomia -
Erreakzioak
Kutxabank 'batzokibank' bihur daitekeela ohartarazi du Pastorrek
PSE-EEren bozeramailearen esanetan, EAJren jokaera "akats politiko handia" izan da, baina PSEk ez du Kutxabanken garapena oztopatuko.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi duenez, Kutxabanken Administrazio Kontseilu berria "batzokibank" bihur daiteke EAJren eta PPren akordioarekin. Hala ere, ez du uste PPk PSE-EEri bizkarra eman dionik.
Pastorrek adierazpen horiexek egin ditu Kutxabanken Administrazio Kontseilua osatzeko EAJk eta PPk egindako akordioaren berri izan ondoren.
PSE-EEren bozeramailearen esanetan, EAJren jokaera "akats politiko handia" izan da, baina PSEk ez du Kutxabanken garapena oztopatuko.
Era berean, "zentzuz" jokatzeko deia egin du eta hiru kutxek erabakia berriro pentsatzeko denbora badagoela azpimarratu du.
Pastorrek gogorarazi du PSE-EEk beti babestu duela kutxen bat-egitea, "euskal ekonomia eta finantza sistema indartzeko" elementua delako, baina Kutxabanken kontseilu berriak erakundeen eta gizartearen errealitatearen isla izan behar duela gaineratu du.
Bere ustez, EAJk aukera hori "pikutara" bidali du eta "alderdiaren interesak" lehenetsi ditu.
Horren harira, PPk emandako laguntza kritikatu du eta jeltzaleei babes hori "ia doan" atera omen zaie.