Ekonomia -

Erreakzioak

EAJk dio badagoela PSE eta Bildu Kutxabanken sartzeko aukera

Andoni Ortuzarrek esan du gaurkoa "egun garrantzitsua" dela euskal gizartearentzat, baina "huts bakarra" PSE-EEk eta Bilduk "bere burua baztertzea" izan omen da.

Ortuzarrek uste du 15 kidetik 20ra handitu daitekeela Administrazio Kontseilua. Argazkia: EITB
Ortuzarrek uste du 15 kidetik 20ra handitu daitekeela Administrazio Kontseilua.
Ortuzarrek uste du 15 kidetik 20ra handitu daitekeela Administrazio Kontseilua. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren Bizkaiko buruak esan du gaurkoa "egun garrantzitsua" dela euskal gizartearentzat Kutxabanken Administrazio Kontseilua hitzartu delako, baina "huts bakarra" PSE-EEk eta Bilduk "bere burua baztertzea" izan omen da. Hala eta guztiz ere, "kontseiluaren 15 kideetatik 20ra pasatzeko aukera" badagoela azpimarratu du, eta hor PSE-EE eta Bildu sar litezkeela.

"EAJk amaiera zoriontsuagoa nahi zuen, baina horrek ezin du zikindu Kutxabanken Administrazio Kontseilua osatzearen lorpen handia. Bi alderdi deseroso egotea ez da oztopoa izango eta ez du etorkizuna kaltetuko", adierazi du Ortuzarrek.

Era berean, hiru euskal kutxen bat-egitearen prozesu teknikoak iraungo duen 3-6 hilabeteetan erakundearen zuzendaritza errealitate berri batera egokitu daitekeela gogorarazi du.

Horren harira, egun Administrazio Kontseiluan 15 kide egotea adostu badute ere, ez du baztertu etorkizunean 20 egotea, eta hor sortzen omen da PSE-EEko eta Bilduko kideak sartzeko aukera.

PSE-EEk eta Bilduk "ez dute ulertu ez zela Legebiltzarreko mahaia edo Jaurlaritza aukeratzea, banku baten zuzendaritza aukeratu behar zen. Ez geunden alderdikeriaz egin beharreko negoziazio batean, finantza logika ezarri behar zen", azpimarratu du.

Ortuzarrek berretsi du 15 kideko kontseilua zela "egokiena", hori esaten baitu finantza erakundeen gobernantza onerako kodeak.

Azkenik, "berandu baino lehen" PSE-EEk eta Bilduk jarrera aldatuko dutela espero du Ortuzarrek, izan ere, "bidea irekita dago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea