Ekonomia -
Ekonomia ministroa
De Guindos: 'Espainiako ekonomiak atzera egingo du azken hiruhilekoan'
Horrez gain, datorren urteko lehen hiruhilekoak ere "emaitza negatiboak" izango dituela aurreratu du Ekonomia ministro berriak.
Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasunerako ministroak onartu du Espainiako ekonomiak atzera egingo duela urteko azken hiruhilekoan eta 2012ko lehenengoan. Ondorioz, Espainia atzeraldian sartuko litzateke, gaineratu duenez.
Bere saileko goi-arduradunak haien kargu berriez jabetu dira gaur goizean. Ekitaldian adierazi duenez, urteko laugarren lauhilekoan, Espainiaren Barne Produktu Gordinak "hazkunde negatiboa" izango du, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Bere hitzetan, bi edo hiru hamarren jaitsiko da.
Horrez gain, datorren urteko lehen hiruhilekoak ere "emaitza negatiboak" izango dituela aurreratu du De Guindosek.
Bi hiruhilekoak hazkunderako eta enplegua sortzeko "zailak" izango direla onartu du De Guindosek.
Hala ere, "beharrezkoak" diren erreformak martxan jartzeko "bultzada" izango direla adierazi du. Aurreratu duenez, datorren seihilekoa "oso garrantzitsua" izango da Ekonomia sailarentzat, "erreformaz beteriko agenda" indarrean jarriko baitu.