Ekonomia -

Sexu-erasoa leporatzen diote

Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariak dimisioa eman du

New Yorkeko Rikers Island presondegian dago, hotel bateko langile bati sexu-erasoa egiten saiatzea leporatuta eta orain John Lipskyk hartuko du bere kargua behin behinean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariak dimisioa eman du gaur bortxaketa saiakera leporatuta kartzelan dagoelako.

Nazioarteko Diru Funtsak zabaldu duen agirian azaldu dutenez, Strauss-Kahnek dimisioa aurkeztu dio gaur Washingtonen egoitza duen nazioarteko finantza erakundearen zuzendaritzari eta ukatu egin ditu bere kontrako salaketak gutun batean.

Strauss-Kahnek "tristezia handiarekin" hartu omen du erabakia, eta "inor baino gehiago maite" duen emaztearengatik, seme-alabengatik, familiarengatik eta lagunengatik. Strauss-Kahnek NDFko lankideak ere izan ditu gogoan: "Gauza handiak lortu ditugu azken hiru urtetan".

Era berean, dimisioa emateko erabakia erakundea babesteko erabakia ere izan dela gaineratu du, eta hemendik aurrera bere "indar, denbora eta energia guztia errugabetasuna frogatzeko" lanean gastatuko duela azpimarratu du.

Iragan larunbatean Manhattango hotel bateko langile bati sexu-erasoa egitea leporatuta atxilotu zutenetik, presioa handia izan da Strauss-Kahnek duela hiru urte eta erdi hartu zuen kargua utz zezan.

Nazioarteko Diru Funtsaren akziodun nagusia AEBetako Altxorra da eta bere idazkariak, Timothy Geithnerrek, esan zuen Strauss-Kahn ez dagoela NDF zuzentzeko "moduan". Antzeko adierazpenak egin zituen William Hague Britainia Handiko Atzerri Gaietarako ministroak, finantza gizon frantziarraren egoera "oso zaila" zela esan zuenean.

Oinordekotza

Orain, John Lipskyk hartuko du Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaritza behin behinean, eta oinordekotzarako lasterketa hasiko da.

Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaria Europakoa izan ohi da, II. Mundu Gerraren ondoren egindako akordio batengatik Munduko Bankuaren presidentea beti izango baita AEBetakoa.

Baina Europaren monopolioa kolokan egon liteke susperraldian dauden herrialdeek egungo sistema aldatu nahi dutelako.

Aske utz dezakete

Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) zuzendaria bermepean aske utz dezakete gaur, osteguna, CNN telebistak jakitera eman duenez.

Politikari frantziarraren defentsa datozen orduetan Manhattango Fiskaltzarekin akordio bat lortzeko lanean ari da, findatza bat ordaindu ostean Strauss-Kahn Rikers Islandeko espetxetik ahalik eta azkarren ateratzeko, abokatuetatik hurbil diren iturriek azaldu dutenez.

Iturri berdinen arabera, Strauss-Kahn "ahalik eta azkarren" Rikers Islandeko espetxetik ateratzea eskatuko du defentsak. Kartzelako egonaldia politikari frantziarraren "osasunarentzat txarra" izaten ari dela argudiatuko dute abokatuek. Era berean, beste akusatu batzuekin alderatuta Strauss-Kahnen egoera "diskriminazio" bat dela uste du defentsak.

Zerbitzariaren abokatua

Zerbitzariaren eta Dominique Strauss-Kahnen artean adostutako sexu-harremanik izan ez zela ziurtatu du gaur Jeffrey Shapiro emakumearen abokatuak.

"Adostutako sexua izan zirela esatea gezurretan aritzea del uste dut", adierazi du Shapirok, NBC telebistan egindako adierazpenetan. New Yorkeko luxuzko hoteleko langilea ordezkatzen Shapirok.

"Hoteleko logela horretan adostutako ezer gertatu ez" zela nabarmendu du emakumearen defentsak, Strauss-Kahnen abokatuari erantzunez.

Zaintza berezia

Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariari zaintza berezia jarri diote New Yorkeko Rikers Island presondegian ez dezan bere buruaz beste egin, NBC telebista-kate estatubattuarrak jakitera eman duenez.

Erregimen berezi horrekin, guardiek 15 edo 30 minutuan behin egiaztatuko dute Strauss-Kahn osasun egoera onean dagoela. NBCk zabaldu duenez, material bigunarekin estalitako ziega batean dago eta lokarririk gabeko oinetakoekin. Kartzelako mediku departamentuko langile batek agindu zuen neurri horiek jartzea badaezpada ere.

"Legez presoen osasun historialak sekretukoak badira ere, preso guztiei protokolo berbera jartzen diete eta horren arabera, presoak bere buruari edo gainerako presoei egin diezaieketen kaltearen neurrikoa izango da prebentzioa", departamentuaren bozeramailearen esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea