Ekonomia -

Enplegu publikoa

Osakidetzak zozketa bidez hautatuko ditu lan-eskaintzetako epaimahaiak

Bestalde, proba teorikoetarako 'EAEtik kanpoko adituak' deituko dituzte, eta epaimahaikideek formazio saio bat jasoko dute, euren ardurak eta egitekoak azaltzeko.

Osakidetzaren azken lan eskaintzako azterketa bat, Gasteizen. Argazkia: EFE
Osakidetzaren azken lan eskaintzako azterketa bat, Gasteizen. Argazkia: EFE
Osakidetzaren azken lan eskaintzako azterketa bat, Gasteizen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak bete egingo ditu lan-eskaintza publikoen "berdintasun, merezimendu eta ahalmen printzipioak" bermatzeko Arartekoak emandako gomendioak, eta azterketetarako epaimahaietako kideak zozketa bidez hautatuko ditu. Gainera, proba teorikoetarako "EAEtik kanpoko adituak" deituko ditu.

EAEko osasun zerbitzu publikoak hainbat neurri adostu ditu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (HAEE) astelehen honetan, eta Arartekoari berari eta Satse, Sindikatu Medikuari eta UGT sindikatuei aurkeztu dizkie. Zentral horiekin akordioa lortu nahi du Osakidetzak maiatzaren 3an bilduko den Lan-Eskaintza Publikoaren Jarraipen Mahaian.

Osakidetzak 2016-2017 aldiko lan eskaintzaren hurrengo probetarako jarri nahi ditu martxan neurriok. Proba horiek behin-behinean geldiarazi zituzten, hainbat espezialitatetan irregulartasunak atzeman zituztelako. Azkenean, urrian egingo dituzte.

Ondo bidean, uda aurretik egingo da deialdia, eta Kardiologia, Kirurgia Orokorra eta Digestio-Aparatua, Barne Medikuntza, Obstetrizia eta Ginekologia, Ospitaleko Pediatria, Diagnostiko Erradiologikoa, Analisi Klinikoak eta Biologia Teknikoa espezialitateetako 26 plaza aterako dituzte.

Proba horiek epaitzeko kideak, beraz, zozketaz aukeratuko ditu Osakidetzak, eta horretarako hautagai izan daitezkeen profesionalen zerrendak "aurrez zehaztutako irizpide objektiboen bidez" osatuko dira. 

Epaimahaikideek formazio saio bat jasoko dute, euren ardurak eta egitekoak azaltzeko

Espezialitate jakinen batean epaimahaikide izateko hautagairik ez balego, hainbat arrazoi tarteko, beste espezialitate batzuetako profesionalengana joko da edota, beharrezkoa bada, Estatu Espainiarreko adituengana.

Tribunala osatuko duten kideen "betebehar etikoak eta jokabide arau zehatzak" jasota egongo dira lan-eskaintzaren deialdiaren baldintzetan. Halaber, epaimahaikideek formazio saio bat jasoko dute, euren ardurak eta egitekoak azaltzeko.

Gaur zabaldutako informazioaren arabera, lan eskaintzako probak "diseinatzeko eta zehazteko" eskuliburu bat osatuko da, eta azterketa teorikoak EAEtik kanpoko espezialistek prestatuko dituzte. Urrian egingo diren azterketa praktikoak prestatzeko ere, kanpoko profesionalengana joko da.

Bestalde, deialdiaren baldintzetan jasota geratuko da azterketetan "gaitegiarekin eta bibliografiarekin" zerikusia duen edukia sartuko dela, eta proba praktikoetan "zozketa bidez" aukeratuko dela eginbeharretako bat.

Guztira zortzi dira Arartekoaren gomendioetan oinarrituta Osakidetzak abian jarriko dituen neurriak. Osasun Sailaren arabera, "lan-eskaintza publiko inpartzialak eta objektiboak diseinatzen” lagunduko dute neurriok.

Martxoan, Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa eman zuen, Gasteizko epaile batek ikerketa ireki eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Ekonomia Lan Eskaintzak