Ekonomia -

Egonkortasun Legea

Defizit mugan Senatuaren beto gaitasuna kentzea adostu dute Gobernuak eta Podemosek

Ogasun Ministerioak eta Podemosek Egonkortasun Legea aldatzea hitzartu dute, PPri finkatze fiskalerako bideari betoa jartzeko gaitasuna kentzeko.

Sanchez eta Iglesias, zentsura-mozioan / EFE.
Sanchez eta Iglesias, zentsura-mozioan / EFE.
Senatuari gastu sabaiaren betoa kentzeko ados Gobernua eta Podemos

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak eta Podemosek Egonkortasun Legea aldatzea adostu dute, Senatuak Espainiako Gobernuak proposatutako finkatze fiskalerako bideari betoa jartzea saihesteko, Pablo Echenique alderdi morearen Antolakuntza idazkariak esan duenez.

Hitzarmen horren bidez, legearen 15. artikulua kenduko dute, egonkortasun helburuak soilik Diputatuen Kongresuak bozkatzeko, Senatutik igaro gabe. Horrela, PPk Goi Ganberan duen gehiengo osoa ekidingo dute.

"PPri Estatuaren Aurrekontu Orokorren gainean dituen azken tresna kenduko diogu horrela, hau da, hauteskunde indarrarekin bat ez datorren gehiengo osoaren bitartez defiziterako bideari betoa jartzeko aukera", esan du Echeniquek.

Podemosen arabera, erreforma lege-dekretu bidez egin liteke, baina ez dute hori bileran adostu. "Eztabaida juridiko interesgarria" izan dute, Podemosen idazkariaren esanetan.

EFE agentziaren arabera, Ogasun Ministerioaren iturriek gauza bakarra baieztatu du: negoziazioan aurrerapenak izan direla.

Unidos Podemosek 2019-2020an egonkortasuna bultzatzeko bidea babesteko jarri zuen baldintzetako bat Egonkortasun Legea indargabetzea zen. Gobernua kontra azaldu zen, Europar Batasunarekin apurtzea dela uste duelako.

Pedro Sanchez presidenteak eta Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak horretaz hitz egin dute azken egunetan, eta erdibideko erreforma bat hitzartu dute azkenean.

Akordio gehiago

Echeniqueren hitzetan, botiken koordainketa kentzeko eta 2018ko eta 2019ko pentsioak KPIaren arabera eguneratzeko akordioak ere lortu dituzte.

Ordainketa bakar baten bidez eguneratuko dituzte 2019an aurtengo pentsioak, konpentsazio gisa.

"Nahiko baikorrak gara gai honetan. Oinarrizkoa da gure herrialdeko jendeak ospitaleetan, ikastetxeetan eta euren poltsikoetan nabaritzea akordioak", esan du Echeniquek.

Dena den, "neurri asko zehazteko daude", gaineratu du, Mendekotasun Legearen, Hezkuntzaren, Osasunaren eta pentsioen sistema publikoaren iraunkortasunaren ingurukoak ez baitituzte oraindik adostu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Murrizketak albisteak Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Ekonomia Podemos bideoak Senatua Espainia