Ekonomia -
2018ko aurrekontuak
EAJk BiMEPen diru-laguntzen inguruan egindako eskaera atzera bota du Senatuko Mahaiak
PPk aurkeztutako zuzenketarekin, Biscay Marine Energy Platform (BiMEP) olatuen energia ikertzeko proiektuak ez du 3 milioi euroko laguntza jasoko.
Agentziak | Erredakzioa
PPk aurkeztutako zuzenketarekin, Biscay Marine Energy Platform (BiMEP) olatuen energia ikertzeko proiektuak ez du 2018ko aurrekontuetan aurreikusitako 3 milioi euroko diru-laguntza jasoko. PPren ekimena zuzentzeko eskatu zuen EAJk, baina jeltzaleen eskakizuna atzera bota du Senatuko Mahaiak.
EAJko talde parlamentarioak BiMEPen aurkako ekimena berriz atertzeko eskatu zuen, baina PPk Senatuko Mahaian duen gehiengoak ez du onartu. Prozeduran hanka-sartze bat izan dela uste dute jeltzaleek.
Horrela, bere garaian EAJrekin adostutako 3 milioi euroko diru-laguntza kentzea onartuko du Senatuak, Ganberan PPk gehiengoa baitu.
2018ko Aurrekontuen lege-proiektuan zenbait zuzenketa planteatu ditu PPren talde parlamentarioak, BiMEPi diru-laguntzak kentzeko, eta horren ordez biztanle-dentsitate txikiko eremuetako industrialdeetan azken belaunaldiko banda zabaleko sareak ezartzea proposatu du.
PPk bere zuzenketetan hanka-sartzea berriz egin duela uste du EAJk; izan ere, BiMEPi kendutako 3 milioiak bi aldiz esleitzen ditu.
Jeltzaleek agiri batean azaldu dutenez, paradoxikoki 6 milioi (3 eta 3 milioi) kentzen dizkiote PPren bi zuzenketak Bizkaiko ikerketa zentroari, 2018ko kontuetan aurreikusitakoa baino milioi bat gehiago. Zuzenketetan zenbatekoen igoerak edo jaitsierak zehatzak izan behar direla gogorarazi du EAJk.