Ekonomia -
Epaiketa
Fagor eta Edesari egindako ekarpenen auzia epaiaren zain geratu da
Mondragon Korporazioak ukatu egin du bazkideak engainatu zituela. Kaltetuek, berriz, dirua ez erretiratzeko gezurra esan zietela salatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fagor Elektrotresnak eta Edesari egindako borondatezko ekarpenen auziaren epaiketa epaiaren zain geratu da. Fagorrek porrot egin zuenean galdutako dirua (47 milioi euro baino gehiago) bueltatzea eskatzen diote Eskuratu eta Ordaindu elkarteek Mondragon Korporazioari.
Gaurko saioa 10:15ean hasi eta 13:00etan amaitu da. Tartean ordubeteko etena egin dute, Angela Rodriguez Monsalve epaileak lanuztea egin duelako, epaileek eta fiskalak euren lan-baldintzak hobetzeko deitutako protestaren baitan.
Gaurko saioan bi aldeek euren ondorioak azaldu dituzte. Epaia ez omen da uda ostera arte ezagutuko.
Raul Tenes akusazioko abokatuak esan du kaltetutako bazkideek ez zutela "ezagutza nahikorik" ekarpenen inguruko erabakiak hartzeko eta, beraz, Fagor Elektrotresnak konpainiarekiko "konfiantza mantendu" zutela. "Hartzekodunen konkurtsoa deitu zenean bazkideei % 20k soilik eskatu zuten ekarpenak bueltatzea, ordura arte kooperatibaren etorkizunari buruzko mezu faltsuak eta okerrak helarazi zizkietelako", salatu du.
Halaber, 2011n "Mondragon Korporazioaren mesedetan" berritu zela borondatezko ekarpenen emisioa, kooperatibaren konkurtsoan kalterik egitea saihesteko.
Bestalde, berretsi egin du Txema Gisasola kooperatibako zuzendari ohia 2012an Mondragon Korporazioko presidente berri izendatuta, bazkideen artean "konfiantza sortzen" saiatu zirela, ekarpenen itzulera eska zezatela ekiditeko.
Ildo horretan, Korporazioak nahiz Fagorrek kooperatibak etorkizuna zuenaren "itxura" egin zutela, baina etorkizuneko aukera horiek "faltsuak" zirela adierazi du.
Areago, Korporazioak eta Fagorrek hartzekodunei "ilusioa pizteko nobela bat" kontatu zuela esan du.
Arantxa Estefania Mondragon Korporazioaren abokatuaren esanetan, berriz, epaiketan "baliorik gabe geratu da engainuaren teoria".
Ere berean, gogoratu du Fagorren hartzekodunen konkurtsoa "ezustekoa" izan zela eta, beraz, ez dagoela kudeaketa txarragatik erantzukizunik eskatzerik.
Horrenbestez, demanda atzera botatzeko galdegin du, batetik, "ekintza preskribatuta geratu delako", eta bestetik, kooperatibak bizi zuen egoera zailari buruzko “informazio guztia” eman zitzaielako bazkideei eta hartzekodunei "konkurtsoari buruzko xehetasunik ezkutatu ez zitzaielako".
Halaber, defentsako abokatuak esan du kooperatibak bideragarritasun plan bat zeukala, hots, "epe laburrerako etorkizuna" ziurtatu zuela, eta, beraz, "ez du zentzurik Korporazioak bazkideak engainatzeko asmoa zuela esateak, Korporazioaren kooperatibak Fagor Elektrotresnaken dirua sartzen ari zirenean, 110 milioi euro 2011 eta 2012 bitartean, hain zuzen ere", erantsi du.