Ekonomia -

ELA, LAB eta Steilas

Hezkuntzan apirilerako deituta zegoen greba astea bertan behera utzi dute sindikatuek

Dena dela, hilaren 18an egitekoa den mahai sektorialean aurrerapausorik ez badago, maiatzean mobilizazioak berhartuko dituztela ohartarazi dute.

Martxoaren 15ean greba egin zuten Hezkuntzako langileek. Gasteizko manifestazioaren argazkia EFE
Sindikatuek 2018ko martxoaren 15ean egindako grebaren argazkia. EFE
Martxoaren 15ean greba egin zuten Hezkuntzako langileek. Gasteizko manifestazioaren argazkia EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek bertan behera utzi dute apirilerako EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deitutako greba.

Sindikatuek Bilbon eskainitako prentsaurreko batean azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak mahai sektorialaren bilera deitu du apirilaren 18rako. Hori horrela, apirilaren 23ko asterako aurreikusita zuten greba bertan behera uztea erabaki dute, Jaurlaritzaren eskaintza zein den jakin arte.

Dena dela, ohartarazpena ere egin dute: "Jaurlaritzak gure aldarrikapenei erantzungo dieten neurriak proposatu ezean, maiatzean mobilizazio eta grebekin jarraitzea beste biderik ez digu utziko".

Sindikatuok salatu dutenez, Jaurlaritzak "greben bezperara itxaroten du negoziazio mahaiak deitzeko". Euren hitzetan, "bost greba egun genituen deituta Jaurlaritza bere jarrera immobilistatik ateratzeko asmoz eta mahai gainean proposamenen bat jartzera behartzeko".

Euren aldarrikapenak zeintzuk diren gogorarazi dute prentsaurrekoan. Besteak beste, honakoak eskatu dituzte: hezkuntza publikoko inbertsioa nabarmen handitzea, 1.800 irakasle gehiago kontratatzea, behin-behinekotasuna % 6ra murriztea eta ikasle-ratioak % 10 jaistea.

Azkenik, hezkuntza publikoko langileak zoriondu nahi izan dituzte "mobilizazioei eta grebei ematen ari diren erantzun eta babesarengatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA albisteak LAB Grebak gaur Gaurko azken ordukoa Hezkuntzako albisteak 2024 Sindikatuak Espainian Irakasleak