Ekonomia -
2018 aurrekontuak
Espainiako Gobernuak 'pentsiodunentzat egindako' Aurrekontuak aurkeztu ditu
Proiektuak apirilaren 25 eta 26an izango du lehen azterketa, Kongresuan. Talidomidaren biktimak onartu dituzte lehen aldiz eta indarkeria matxistaren itunerako diru gehiago bideratu dute.
agentziak
Espainiako Gobernuak 2018rako aurrekontu lege proiektua aurkeztu du gaur goizean Diputatuen Kongresuan, eta aurtengo Aurrekontuak "pentsiodunentzat egindakoak" direla nabarmendu du.
Cristobal Montoro Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak azaldu duenez, 2018ko Espainiako Aurrekontuetatik 144.834 milioi euro bideratuko dira pentsioetara, iaz baino 5.188 milioi euro gehiago.
Aurrekontu proiektuaren aurkezpenean Montoro ministroak esandakoaren arabera, "historiako aurrekontu sozialenak" dira; izan ere, gastu orokorraren % 56 gastu sozialera bideratuko da.
Aurtengo aurrekontu proiektuak dakarrenez, pentsioen gorakada hainbat faktoreren ondorio da: pentsioen balio handitzea (aurten % 0,25 igoko dira), pentsiodunen kopuruaren igoera, eta batez besteko pentsioaren gorakada.
Kontu publikoek % 3ko igoera aurreikusten dute pentsio txikienentzat eta kotizazio gabeko pentsioentzat. 12.040 eurora arteko pentsioak % 1 eta 1,5 arten igoko dira, mailaren arabera, eta alarguntasun pentsioen oinarri arautzailea % 2 igoko da.
Aurrekontu proiektuak egindako aurreikuspenen arabera, alarguntasun pentsioak batez beste 450 euro igoko dira urtean, pentsio txikienak batez beste 250 euro eta 12.040 eurora arte pentsioak 100 euro batez beste.
Soldatak berdintzeko diru partida handitu du Barne Ministerioak
Barne Ministerioaren aurrekontua 8.418 milioi eurokoa izango da aurten, iaz baino 506 milioi euro handiagoa. Igoera hori Estatuko segurtasun indarretako agenteen soldatak berdintzeko onartutako diru partidari dago lotuta, batik bat.
Rajoyren Gobernuak Espainiako polizien eta guardia zibilen soldatak esquadra mossoekin eta ertzainekin parekatzen hasi nahi du aurten. Berrezartze tasa % 115ean zenbatu du Estatuko segurtasun indarrentzat, polizia autonomikoentzat eta udaltzainentzat.
Genero indarkeriaren kontrako estatu ituna
2018rako aurrekontu proiektuak 80 milioi euroko igoera aurreikusi du genero indarkeriaren kontrako estatu itunarentzat. Diru kopuru horren erdia baino pixka bat gehiago Barne Ministeriora bideratuko da, biktimak babesteko.
Genero indarkeriaren kontrako estatu itunak 200 milioi euroko zenbatekoa izango du; 80 milioi Espainiako Gobernuarentzat izango dira, gainerakoa, autonomia erkidego eta udalentzat.
Hori dela eta, autonomia erkidegoei eta udalei gogoratu die beren Aurrekontuetan, hurrenez hurren, 100 milioi eta 20 milioi euroko diru partidak gehitu beharko dituztela estatu itunari dagozkion neurriak martxan jartzeko. "Horretarako nahikoa baliabide izango dituzte; izan ere, 2017an baino ekarpen gehiago jasoko dituzte finantziazio sistemaren bitartez", gaineratu du.
Garoñako hondakinak
Halaber, Espainiako Gobernuak 4 milioi euroko diru-partida aurreikusi du Garoñako aldi baterako biltegirako.
Diru partida hori enpresa publikoen inbertsioen atalean ageri da. ENRESA enpresa publikoak kudeatuko du inbertsio hori, aurrekontu lege proiektuaren arabera. Aipaturiko enpresa publikoa arduratu ohi da zentral nuklearrak desmuntatzeaz, behin zentralak gelditutakoan.
Montorok aurrekontu proiektua eskura eman dio Pastorri. Argazkia: EFE
Talidomidaren biktimak onartu dituzte lehen aldiz
Espainiako Gobernuak talidomidaren biktimak aitortu ditu lehen aldiz, eta aurrekontu proiektuan 20 milioi euroko diru partida bideratu du horretara.
1955etik 1985era bitartean, haurdunaldi garaian malformazioak jasan zituztela onartu zaien eta talidomidarekin bateragarriak diren ondorioak dituzten pertsonei laguntzeko erabiliko da dirua.
Defentsa
Espainiako Defentsa Ministerioak 8.000 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du aurten, iaz baino % 6,9 gehiago.
Zehatz-mehatz esanda, Maria Dolores de Cospedalek zuzendutako ministerioak 8.086,70 milioi euroko aurrekontua izango du; iaz 7.561,23 milioi eurokoa izan zuen. Aurrekontu orokorretatik % 2,3 bideratuko da Defentsara; iaz, % 2,2.
Autonomia erkidegoen finantzazioa
Rajoyren Gobernuak 105.020,29 milioi euro transferituko ditu finantzazio sistemaren bitartez erregimen komuneko autonomia erkidegoetara, aurreko urtean baino 5.198 milioi euro gehiago.
Espainiako Gobernuaren soldata
Espainiako Gobernuko kideek % 1,5eko soldata igoera izango dute. Honenbestez, Mariano Rajoy presidenteak 80.953,08 euro jasoko ditu aurten, 2017an baino 1.200 euro gehiago, beti ere Espainiako Gobernuak 2018rako Aurrekontuak aurrera ateratzen baditu.
Aurrekontu proiektuan irakur daitekeenez, Espainiako Gobernuko presidentearen urteko soldata 80.953,08 eurokoa izango da, aparteko ordainsariak jasotzeko eskubiderik gabe. Beste modu batera esanda, 6.736,09 euro jasoko ditu hilean, orain arte baino 100 euro gehiago.
Diru gehiago Espainiako Zerbitzu Sekretuentzat (CNI)
PPren Gobernuak prestatutako aurrekontu proiektuak % 8ko igoera aurreikusi du Espainiako Zerbitzu Sekretuentzat (CNI), 281,95 milioi euro guztira. Ondorioz, inteligentzia zerbitzuetako gastua % 16 igo da bi urtean.
Presidenteordetzaren menpe dauden zerbitzu sekretuek 281,95 milioi euroko aurrekontua izango dute, iaz baino 20 milioi euro eta duela bi urte baino 40 milioi euro gehiago.
Errege-etxea
Errege-etxeak 7,89 milioi euro jasoko ditu, % 0,9 gehiago (2017an, 7,82 milioi euro).
Errege familiari eta instituzioari berari bideratutako dirua 40.000 euro inguru igo zen iaz, 2014tik izoztuta egon ostean. 2018ari begira, igoera 70.000 euro ingurukoa izango da.
BEZ zergaren jaitsiera zinemari
BEZ zergari dagokionez, zinemari aplikatzen zaion % 21eko zerga % 10era jaistea aurreikusi du Espainiako Gobernuak 2018rako aurrekontu proiektuan. Jaitsiera horrek 70 milioi euroko eragina izango duela kalkulatu du Gobernuak.
Jaitsiera horrek kontsumitzaileengan eragina izan dezan dei egin du Ogasuneko Estatu idazkariak.
Zor publikoa eta gastuak
Espainiako zor publikoa jaitsi egingo da 2018an, barne produktu gordinaren % 98,3tik % 97ra. Halaber, zorraren interesei lotutako gastua % 1,9ra jaitsiko da (guztira, 31.547 milioi euro).
Gauzak horrela, Ministro Kontseiluak 2018rako ezarritako gastu sabaiaren azpitik (% 97,6) geldituko da administrazio publikoen zor publikoa.
Gastu kontsolidatua 451.118,99 milioi eurokoa izango da 2018an, iaz baino % 1,5 gehiago, aurrekontu lege proiektuaren arabera.
Aurrekontu lege proiektuaren egutegia
Cristobal Montorok gaur aurkeztutako aurrekontu proiektuak apirilaren 25 eta 26an izango du bere lehen azterketa Diputatuen Kongresuan. Bozketa horretan Alderdi Popularrak EAJren edota beste alderdiren babesa beharko du aurrekontuak onartzeko.
Montoro ministroak aurrekontu proiektua eman dio gaur Ana Pastor Diputatuen Kongresuko presidenteari, Estatu idazkariak alboan zituela.
Tramite horren ondotik, aurrekontu lege proiektua argitaratuko da Diputatuen Kongresuko Aldizkari Ofizialean, segur aski ostegunean.
Orain, alderdi politikoen datorren astelehenera arte epea izango dute Aurrekontuei lotutako gobernukideen agerraldiak eskatzeko. Agerraldi horiek apirilaren 16tik 19ra bitartean egingo dira.