Ekonomia -
Greba itunpeko ikastetxeetan
Hezkuntza pribatuko langileen % 70ek bat egin dute grebarekin, sindikatuen arabera
Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oinarrizko aldarrikapenak aintzat hartzen ez badituzte greba eta mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi dute sindikatuek.
agentziak | erredakzioa
Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako lehen greba egunak oso jarraipen zabala izan du sindikatu deitzaileen esanetan, hain zuzen ere, % 70 baino handiagoa. Eskola guztietan grebaren jarraipena % 50etik gorakoa izan dela eta ikastetxe batzuk itxita egon direla azpimarratu dute.
Horrez gain, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek langileen oinarrizko aldarrikapenak aintzat hartzen ez badituzte, greba eta mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi dute.
Kristau Eskolak, berriz, grebaren jarraipena % 38koa izan dela esan du. Patronalak zabaldutako datuen arabera, lanuzteak % 42ko eragina izan du Bizkaian, % 35ekoa Gipuzkoan eta % 33koa Araban.
Steilas, CCOO, LAB, ELA eta UGT sindikatuek deituta, greba eguna izan dute Euskadiko ekimen sozialeko hezkuntza zentroetan, hitzarmen berri bat aldarrikatzeko. Hala, itunpeko zentroen % 70ean eragin du lanuzteak. Zentro horietan, 9.000 langile eta 117.905 ikasle daude guztira.
Ohar bateratu batean sindikatuek adierazi dutenez, jarraipen zabala izan du grebak kolektibo ezberdinetan: Administrazio eta zerbitzuetako langileak, Haur Hezkuntzako 1. Zikloko langileak, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta irakasleak.
"Sektoreko azken hitzarmena 2009koa da eta orduz geroztik, inposatutako murrizketei aurre egiteaz gain (aurrena % 5eko soldata murrizketak eta estatuko hitzarmenaren inposaketa, ondoren), akordio berri baten alde negoziatzen aritu gara; ia 10 urte luzez", nabarmendu dute.
Sindikatuen hitzetan, "etengabe negoziaketa luzatzeko patronalaren jarreraren aurrean, akordiorako borondaterik ez edukitzeagatik, irailean sindikatu guztiok gutxiengo aldarrikapenak jasotzen zituen plataforma bateratu bat adostu genuen, baina patronalaren erantzun eskasak ordurako hilik zegoen negoziazio mahaitik altxatzera eraman gintuen, eta mobilizazioen bidea hartzera".
Horren aurrean, "gai desberdinetan beharrezkoak diren" hobekuntzak jasoko dituen akordio berri bat eskatzen dute sindikatuek. Sektorearen arazo larriak izendatu dituzte, hala nola, lan kargaren hazkundea, jaiotza-tasaren beherakada dela-eta Hezkuntzako aurreneko etapetan gela kopuruaren murrizketa eta, ondorioz, kaleratzeak; erosmen ahalmena galtzea eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko eta Hezkuntza Laguntzako Espezialisten lan baldintza eskasak.
"Azpikontratatutako langileen errebertsioan, Administrazio eta Zerbitzuetako langileen lanaldietan, DBH 1. Ziklokoen soldaten ekiparazioan eta Lanbide Heziketa arautzean pauso batzuk ematea ere exijitzen dugu", gaineratu dute.
Mobilizazio nagusiak 11:30ean abiatu dira Escolapiosetik (Recalde Zumardia, 19) Bilbon, Boulevarretik Donostian, eta Arka plazatik Gasteizen.
(Itunpeko ikastetxeetako langileek Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: EFE)