Ekonomia -
Martxoak 17
Manifestazio historikoak, 'pentsio publiko duinak' aldarrikatzeko
Bilbon, 115.000 herritar baino gehiago batu dira. Donostian, Iruñean eta Gasteizen ere milaka eta milaka lagun elkartu dira, pentsiodunen plataformek deitutako manifestazioetan.
EiTB.EUS
Pentsiodunen aldarriekin bat egin eta euskal gizarte osoari manifestaziorako deia egin zioten pentsiodunek, martxoaren 17 honetarako. Antolatzaileek martxa "erraldoiak" zituzten helburu, eta lortu dute. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan aurrekaririk gabeko manifestazioak egin dira pentsio publiko duinen alde eta Espainiako Gobernuak iragarritako % 0,25eko igoeraren aurka. Bilbon, adibidez, 115.000 lagun zenbatu ditu Udaltzaingoak.
Pentsiodunez gain, gazte ugari ikusi da protestetan, euren babesa adieraziz.
115.000 herritar Bilbon
Bizkaiko hiriburuan, 17:00etan abiatu da manifestazioa Udaletxetik, eta kostata egin du Jesusen Bihotzerainoko ibilbidea: martxaren burua amaierara iritsi denean, herritar ugari abiapuntuan zegoen oraindik, aurrera pausorik eman ezinda.
Jubilatuen protestarekin bat egin duten milaka pertsonak murrizketen kontra eta pentsioen aldeko leloak errepikatu dituzte ibilbidean zehar, eskuak altxatuta, askotan. Gazteek ere erretiratuekin daudela oihu egin dute manifestazioan.
Protestaren buruan joan den pankartan, gutxienez 1.080 euroko pentsio duinak eskatu dituzte jubilatuek, baita gizarte segurantza kudeatuko duen erakunde propioa ere, eta % 0,25eko igoera bertan behera uztea.
15.000-20.000 manifestari Donostian
18:00etan abiatu da Donostiako manifestazioa, Alderdi Ederretik. Jubilatuek Hernani, Andia, Gipuzkoa plaza eta Elkano zeharkatu dituzte, eta Boulevardean eman diote amaiera protestari, komunikatua irakurriz. Beste hiriburuetan bezala, pentsio publiko duinak eskatu dituzte, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta pentsioen igoera KPIaren araberakoa izatea.
Autobusetan iritsi dira pentsiodunak Gipuzkoa osotik eta belaunaldi gazteagoen babesa ere izan dute. 17:30erako jendetza zegoen bilduta Alderdi Ederren, Gipuzkoako Duintasuna eta Adinekoen Elkarteak deituta. "Pentsio publikoen alde" egin dute manifestariek, pobreziaren langatik behera dauden pentsioak salatuz, baita pentsioak bermatzeko balio ez duten soldatak edo lan prekarioa ere.
Euriari eta hotzari aurre egin behar izan diete manifestariek. Baina eguraldi txarrak ez ditu atzeratu euren erreibindikazioak kalera ateratzeko orduan.
15.000-20.000 herritar Iruñean
Iruñean, Gaztelu enparantzatik abiatu da martxa jendetsua 18:00etan. Donostian bezala, aterkiak eskuetan egin dute manifestazioa Iruñea erdialdeko kale nagusietatik. 15.000 lagun udaltzaingoaren arabera, eta 20.000 lagun antolatzaileen arabera, elkartu dira Espainiako Gobernuak 2018rako aurreikusitako pentsioen % 0,25eko igoera "lotsagarria" dela salatzeko.
Eros ahalmena izugarri galdu dutela azken urteetan salatu dute pentsiodunek eta ordain justua eskatu dute. "Nire aitak hamarkadak daramatza nire eskubideengatik borrokan. Gaur ni borrokatuko naiz bere pentsioaren alde" tankerako lelo ugari ikusi dira gazteenen eskuetan.
15.000 lagun Gasteizko manifestazioan
Izugarrizko jendetza bildu da 12:00etan Gasteizen, Artium parean, pentsio duin, publiko eta KPI edo bizi-kostuaren araberakoen alde. 15.000 pertsona, Udaltzaingoaren arabera. Jubilatuekin bat egin dute gazte zein adin ertaineko emakume eta gizonek, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatearen eta pentsioen sistemaren erreforma egitearen alde. Espainiako Gobernuak 2018rako ezarritako igoera, % 0,25ekoa, "adar jotze" bat dela salatu dute, eta gazteek "borroka eredu" direla esan diete jubilatuei.
"Arabako Pentsionistak Lanean" eta "Por una vida digna" elkarteek deitu duten martxa Artiumetik hasi eta Andra Mari Zuriaren Plazara arte joan da, Gasteiz erdiguneko kaleak zeharkatuz. Burua amaierara iritsi denean, irten gabe zegoen oraindik manifestazio amaiera. "Pentsio publiko duinak" leloa idatzita zuen pankartaren atzean joan dira manifestariak eta hauek izan dira leloak, besteak beste: "Ez, ez, ez, murrizketarik ez", "Si no hay pensión no hay calefacción" eta "Recorte de pensión, Gobierno dimisión".
Pentsio duinen aldeko mezua irakurri dute amaieran, eta "igoera miserable zein desgrabazioekin" ez dituztela "engainatuko" esan dute. Lan erreforma bertan behera uzteko ere eskatu dute, "soldata duinik gabe ez baitago pentsio duinik".
Gaurko manifestazio jendetsuaren ondotik, mobilizazioekin jarraitzeko dei egin dute jubilatuek eta bi hitzordu jarri dizkiete gasteiztarrei: datorren astelehena eta apirilaren 9a.
Honela kontatu dute ETB1eko Gaur Egun saioan manifestazioaren berria:
Kontzentrazioa Eibarren
Ehunka lagun kalera atera dira gaur goizean Eibarren ere, 'pentsio duinak' aldarrikatzeko eta hiriburuetan izango diren manifestazioei babesa erakusteko.