Ekonomia -
Kontzertu Ekonomikoa
Pedro Azpiazu: Kupoan 'ez dago engainurik'
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuaren hitzetan, dagokiona baino gehiago itzultzen dio Euskadik Estatuari.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuaren hitzetan, Kupoan "ez dago engainurik" araudiaren arabera kalkulatzen baita; horren harira, Euskadi erkidego "solidarioa" dela defendatu du, biztanleria eta herriaren aberastasuna kontuan hartuta, dagokiona baino "gehiago" ordaintzen baitu.
Kontzertu Ekonomikoaren eredua aztertu du astelehen honetan Azpiazuk, APDren "Euskal ekonomiaren balantzea eta etorkizuneko erronkak" izeneko hitzaldiaren inaugurazio ekitaldian, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Joan den astean Kongresuan Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren legeak onartu dituztela eta, Ekonomia sailburua pozik agertu da. Horren harira, Euskadik tratu mesedegarria jasotzen duela esan dutenei, kritika horiek "ezjakintasunagatik" eta batzuetan "asmo txarrez" egiten direla erantzun die.
"Euskadi erkidego solidarioa da, eta horrela izaten jarraituko du, biztanleria eta aberastasuna kontuan izanda, dagokiona baino gehiago ordaintzen duelako. Euskadik bere erantzukizuna eta elkartasuna mantenduko du", esan du Azpiazuk.
Bestalde, "Euskadiko erakundeen sendotasuna" bistakoa dela esan du, eta "egonkortasun politiko eta ekonomiko inbidiagarria" duela gaineratu du.
Erakundeen berrazterketa
"Epe ertainean, erakundeak berriro aztertzea dugu helburu, argi eta garbi sendotasuna ematen diguna indartzeko asmoarekin”, esan du.
Azpiazuren ustez, Euskadik hainbat herri federal deszentralizaturen sistema eredutzat hartu, eta "asko" ikasi dezake gastu publikoaren eta horiei dagozkien politiken inguruan, gizarte-segurantzari dagozkionak barne. "Suitza eta Kanada eredutzat har genezake gure erakundeak garatzeko”, esan du.