Ekonomia -
Fagor CNA
Kargutik kendu dute Francisco Martin, Edesa Industrialen zuzendari nagusia
Enpres batzordeak adierazi duenez, momentuz, enpresak ez du Martinen ordezkorik aurkeztu.
Agentziak | Erredakzioa
Francisco Martin Edesako zuzendari nagusia kargutik kendu dute. Uztailaren 6an jakinarazi zioten berria, eta, egun berean, Jorge Parlade CNAko presidentea langileen ordezkariekin bildu zen, talde kataluniarrak enpresaren jardunarekin aurrera jarraitzeko asmoa duela jakinarazteko.
Enpresa batzordeak EFEri jakinarazi dionez, Martin langileen ordezkariekin bildu zen egunean bertan, berria eman eta agurtzeko.
Batzordeak adierazi duenez, Fagor CNAk ez du Martinen ordezkorik izendatu, eta, dirudienez, hilaren 10ean jakinaraziko du enpresak nor izango den Edesa Industrialen zuzendari nagusi berria. Edesa Industrial CNA talde kataluniarrari adjudikatu zioten, Euskadin hiru lantegi dituen Fagor Etxetresnak konpainiak porrot egin ondoren.
LAB, proiektu berri bat sortzearen alde
LAB sindikatuak adierazi duenez, “zuzendaritzan izandako aldaketa ugariek” eta gardentasun faltak, besteak beste, zaildu egiten dute Fagor CNAren etorkizunerako alternatiba proposatzea.
Edesa Industrialentzat proiektu berria sortzeko eskatu du LABek. Plan berrian, bi figura nabarmendu nahi izan ditu sindikatuak: “beste inbertsore bat” eta “sozio industriala”.
Aipatutakoaz gain, enpresak iragarri dituen 30 kaleratzeen aurka agertu dira LABeko ordezkariak.