Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

AHT merkantzia-trenetara ere egokitzea eskatu dio Tapiak De La Sernari

Arantxa Tapiak gutun bat bidali dio Iñigo de la Sernari Gasteiz eta Burgos arteko atala birpentsatzeko. Bestalde, Sustapen Ministerioak 2023. urtea gogoan izatea "albiste ona" da, bere ustean.

AHT
AHT
AHT

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburuak gutun bat igorri dio Iñigo de la Serna Sustapen ministroari, Burgos eta Gasteizen artean AHTren proiektua merkantzia-garraioetarako ere egokitzea eskatzeko.

Tapiak prentsaurrekoa eman du gaur, asteazkena, Eusko Jaurlaritzaren kexa adierazteko, De la Sernak Gasteiz eta Burgos abiadura handiaren bidez lotzeko aurkeztu dituen bi aukerak direla eta. Ministroaren esanetan, bi aukerok merkeagoak izango dira, eta ibilbidearen iraupena murriztuko lukete.

Atzo, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaleak salatu zuen bi aukera horietan ez dagoela merkantzia-garraioa jasota eta, gainera, ez dute aurreikusten Jundizeko (Gasteiz) etorkizuneko plataforma intermodalarekin loturarik izatea.

Sailburuaren iritzian, aldiz, "albiste ona" da Sustapen Ministerioak 2023 urtea gogoan izatea, Burgos-Gasteiz atala martxan jartzeko, baina berretsi egin du proiektuak herren dagoela puntu garrantzitsu batean.

Hala, gutunean, azpiegitura merkantzia-trenetara ere egokitzea eskatu du, ezinbestekoa baita Ardatz Atlantikoa garatzeko eta, gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak beti defendatu du trenbide sare mistoa.

Horrez gain, Tapiaren hitzetan, ez da ulergarria Estatu barruan erabiltzen den neurriko trenbide egitea, kontuan hartuta Jundizen plataforma intermodala egiteko lanean ari direla, Gasteizen eta "Paristik haragoko" lekuen artean lotura egoteko, eta Arasur gune logistikoan ere merkantzia terminala garatzen ari direla.

"UIC (Europa mailakoa) neurria ere izan beharko luke, Portugaleraino heldu ahal izateko", adierazi du.

Horren ildotik, lotura zuzena egitea eta Jundizko eta Arasurreko azpiegiturekin baliokidea izatea defendatu du.

Gainera, argitu duenez, euskal 'Y'ak Euskadi eta Europaren arteko lotura bermatuko du UIC neurrian, bai bidaiarien trenei baita merkantzia-trenei ere dagokienez, baina ezaugarri hori igarobide atlantiko osora zabaltzea eskatu du Jaurlaritzak.

Sailburuaren esanetan, hau da "une egokia" txostenak merkantzia-garraioa kontuan hartzeko. "Denbora badaukagu oraindik eta espero dugu zuzentzea", berretsi du.

Tren bidezko merkantzia-zirkulazioaren helburua merkantzia guztien % 10era heltzea da (gaur egun % 4-6 artean dago), horrek kamioien zirkulazioa eta, hortaz, kutsadura, murriztuko bailuke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Burgos Ekonomia berriak Euskal Y Merkantzia-garraioari buruzko albisteak