Ekonomia -
Energia
Nuclenor, % 50ean zatituta, Garoñako zentral nuklearraren geroaren aurrean
Iberdrolak ustiatzeko baimena ez berritzearen alde egin du, baina Endesak errefusatu egin du aukera hori, eta nahiago du itxaron Espainiako Gobernuaren erabakia zein den jakin arte.
agentziak | erredakzioa
Nuclenorrek, Santa Maria Garoñako zentral nuklearraren jabeak, administrazio kontseiluaren bilera eta batzar orokorra egin ditu lantegiaren jarduteko baimena berritu ala ez erabakitzeko, baina Endesa eta Iberdrola bazkideek ez dute akordiorik lortu, elkarteak jakinarazi duenez.
Hori horrela, Garoñaren jabeak duen barne zatiketa berretsi egin da, Endesak eta Iberdrolak ez baitute iritzi bera zentralaren etorkizunaz.
Iberdrolak eskatuta egin dute bilera, Endesak bere asmoari babesa ematea nahi baitzuen. Iberdrolak zentral nuklearra ustiatzen jarraitzeko baimenari uko egitea nahi du, eta hori babesteko barne eta kanpo txostenak aurkeztu ditu, zentrala bideragarria ez dela frogatzeko.
Horren aurrean, ordea, Endesaren kontseilariek proposamena errefusatu dute, eta beste aukera baten alde egin dute: Espainiako Gobernuak, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluaren txostenean oinarrituta, hartzen duen erabakiari itxarotea (abuztua baino lehenago izango da).
Garoñaren kontrako Foroa
"Benetan Iberdrolaren apustua negozio sail hau ixtea izango balitz, arrazoi ekonomikoengatik soilik izan arren, orain dela urte batzuk zentralak ixten edo akzioak saltzen hasiko zen", esan du Garoñaren kontrako Foroak, Administrazio Kontseiluaren erabakia ezagutu eta gero.
Gainera, hedabideei igorritako ohar baten bidez gaineratu duenez, "orain Energiaren Ministerioak azken hitza izango du Garoñako zentrala berriz irekitzeko baimena eman ala ez, eta eragile guztiekin hitz egingo duela esaten digu. Guztiak esatean guztiak izatea espero dugu, gizarte mugimenduak eta talde ekologistak barne, eta Garoña ixteko eta desegiteko gehien sozialaren aldarria entzutea".
"Horren harira, trantsizio energetikoari buruzko eztabaida irekitzeko aukera aproposa izango litzateke. Pertsonen bizitzak eta haien ate birakarien dibidenduak nola kokatzen dituen bere balio-eskalan ikusiko dugu", gaineratu du.