Ekonomia -
Abiadura handiko trena
Honelakoa izango da AHTaren sarbidea Donostian
Atotxako geltoki berria Tabakaleraren ingurunean integratuko da egungo geltokiaren arkitekturarekin bat eginez.
EITB.EUS
Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Bilbo, Gasteiz eta Donostiako udaletako teknikariek Abiadura Handiko Trena (AHT) euskal hiriburuetan nola sartuko den adostu zuten joan den otsailaren 28an.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Iñigo de la Serna Sustapen ministroak geltoki berria eraikitzeko proiektuaren erredakzioa lantzen hastea adostu zuten.
Atotxako geltoki berria Tabakaleraren ingurunean integratuko da, egungo geltokiaren arkitekturarekin bat eginez. Helburua intermodalitatea hobetzea da, garraiobide ezberdinen erabiltzaileen irisgarritasuna erraztuta.
Geltoki berriaren proiektuak eraikin berria eta bakarra aurreikusten du egungo aldiriko tren-geltokian. Geltokiaren egungo fatxadaren arkitektura mantenduko da, eta proiektatutako eraikin berrian integratuko da. Eraikin hori kalean bertan egitea planteatzen da, bi solairu izango ditu eta agerian utziko du Tabakalera eraikinaren fatxada. Gainera, Plaza (terraza) handi bat sortuko da trenbide eta nasa gainean.
Geltoki berriak itxura hau edukiko luke. Irudia: IREKIA
Geltokiak atondo nagusi bat izango du, aldiriko trenen eta ibilbide luze eta ertaineko trenen erabiltzaile guztiek partekatuko dutena, bertatik sartu ahal izango da autobus-geltoki berrira eta bi solairuko aparkalekura ere. Era horretara intermodalitatea optimizatuko da eta bertan bateratzen diren garraiobide publiko guztien erabiltzaileen joan-etorriak minimizatuko dira.
Zehaztutako proposamenaren arabera, ibilbide ertaineko trafikoak (Intercity) eta ibilbide luzekoak (UIC zabalera) 3 nasa nagusi izango dituzte. Nasa horietara sartzeko bi mailak komunikatuko dituen azpiko pasabide bat proposatzen da.
Bestalde, aldiriko trafikoak aldamenetako bi trenbideak hartuko ditu (1 eta 6), eta zabalera mistokoak izango dira (hirugarren erraila). Trenbide horiek salgaietako trafikoarekin partekatuko dira. Nasara sarbidea zuzena izango da atondo nagusitik.
Irudia: IREKIA