Ekonomia -
Hotzaldian
Argindarraren salneurria are garestiagoa izango da gaur
20:00etan orduko megawatt bakoitzeko 95,11 euro ordaindu beharko dela aurreikusi dute. Horrela jarraituz gero, urtean 100 euro inguru garestituko da argindarraren faktura.
agentziak
Asteazkenean argindarraren handizkako prezioa megawatt orduko (MWh) 78,83 eurokoa izanik 2013ko abendutik izandako salneurririk garestiena izan ostean, Europa Pressek Omie Espainiako merkatuko operadorearen datuak aztertuta zabaldu duenez, gaur, osteguna, are garestiagoa izango dela aurreikusi dute, batez beste orduko 85,79 euroko salneurria eta 20:00etan 95,11 eurokoa izango baita, aurreikuspenen arabera.
Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioa eta Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordea egunotako igoerak aztertzen ari dira, egoera berezi baten ondorio diren (hotza, lehortea, haize gabezia, petrolioaren gorakada eta Frantzian zentral nuklearren jarduera etetea) edo sektorean nolabaiteko jokabide ilunen bat egiten ari diren argitzeko.
Alvaro Nadal Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren ministroak Cope irratian azaldu duenez, egungo prezioek ildo beretik jarraituz gero, argindarraren faktura "100 euro garestitu liteke urtean". Garestitzea faktore ugarik eragin dute, eta baldintza meteorologiko "zailak" (ur –argindarra sortzeko modurik merkeena da– eta haize gutxi dago energia ekoizteko) eta Frantzian hainbat zentral nuklearren ekoizpena eten izana aipatu ditu horien artean. Egungo egoerak salneurriak gora egitea eragin du, eta Espainiak energia elektrikoa inportatu behar izan duenez, argindarraren prezioa garestitu egin da.
Garestitze honek urte hasieratik izan den goranzko joera berretsi du, nahiz eta aurreko asteko gorakaden ostean tarteko maila batean (70 euro/MWh) eutsi dion. Atzorako aurreikusitako eskaria orduko 650 gigawattekoa (GWh) izatea espero zuten, eta astearterako 627 GWh-ko eskaria izatea espero zuten.
Handizkako merkatuaren salneurriak, 'pool' izenez ezagutzen denak, argindarraren fakturaren % 35 inguru zehazten du. Aurtengo lehen 18 egunetan prezioak % 117 egin du gora, iazko epe berdinekoarekin alderatuta.
Argindarraren eguneroko salneurria bezperan erabakitzen dute, eguerdi aldera. 'Pool'ek modu "baztertzailean" erabakitzen du prezioa, alegia, sartzen diren prezioen gorabeheren arabera ezartzen da errenkada, eta garestienak multzoaren salneurria zehazten du.
Aurretik aipatu bezala, handizkako merkatuaren salneurriak argindarraren fakturaren % 35 inguru zehazten du, fakturaren % 40 bidesariak eta gainerako % 25a BEZa eta Argindarraren gaineko Zerga ordaintzeko baliatzen baitira. Espainiako Gobernuak 2017rako izoztu egin ditu bidesariak, baita elektrizitatearen gaineko zergak ere.