Ekonomia -
Hotzaldian
Argindarraren salneurriak goia jo du
Argindarraren prezioa 20:00ak eta 22:00ak bitartean egon da garestien, MWh-ko 92 eurotik gora ordaindu baita. Ostegun honetan gehiago igoko da salneurria.
agentziak | Erredakzioa
Argindarraren handizkako prezioa megawatt orduko (MWh) 78,83 eurokoa izan da asteazken honetan. Hortaz, 2013ko abendutik izandako salneurririk garestiena izan du, Europa Pressek Omie Espainiako merkatuko operadorearen datuak aztertuta zabaldu duenez.
Garestitze berri honek urte hasieratik izan den goranzko joera berretsi egin du, nahiz eta aurreko astetik izan ziren gorakaden ostean tarteko maila batean (70 euro MWh) mantendu den arren. Gaurko aurreikusitako eskaria orduko 650 gigawattekoa (GWh) izatea espero dute, astearterako espero zuten 627 GWh-koa baino handiagoa.
Handizkako merkatuaren salneurriak, 'pool' izenez ezagutzen denak, argindarraren fakturaren % 35 inguru zehazten du. Aurtengo lehen 18 egunetako prezioak % 117 egin du gora, iazko epe berdinarekin alderatuta.
Gaur, argindarrak 2013ko abenduaren 21ean izan zuen salneurria berdindu du, hain zuzen, 80,82 euroan ordaindu zen egunekoa. Hilabete hartan izan zen gorakadaren ostean, Gobernu espainiarrak enkante elektrikoaren sistema bertan behera uztea erabaki zuen, eta gaur egungoa ezarri zuen. Horren arabera, prezioa ez da hiru hilean behin ezartzen, eta orduan orduko merkatuan duen prezioaren arabera ordaintzen da.
Argindarraren eguneroko salneurria bezperan erabakitzen dute, eguerdi aldera. 'Pool'ek modu "baztertzailean" erabakitzen du prezioa, alegia, sartzen diren prezioen gorabeheren arabera ezartzen da errenkada, eta garestienak multzoaren salneurria zehazten du.
Argindarra 20:00ak eta 22:00ak bitartean egon da garestien. Orduantxe, kontagailu 'azkarrak' eta orduan orduko tarifa dutenek 92 eurotik gora ordaindu dute MWh.
Ostegun honetan argindarraren prezioa gehiago igoko da oraindik, bataz beste 85,79 euro ordainduko da MWH; 95,11 euro, 20:00etatik aurrera.
Aurretik aipatu bezala, handizkako merkatuaren salneurriak argindarraren fakturaren % 35 inguru zehazten du, fakturaren % 40 bidesariak eta gainerako % 25a BEZa eta Argindarraren gaineko Zerga ordaintzeko baliatzen baitira. Espainiako Gobernuak 2017rako izoztu egin ditu bidesariak, baita zordunketa elektrikoak ere.