Ekonomia -

Kontzentrazioa

Kolektibo sozialek eta sindikalek AHTko obrak geldiaraztea eskatu dute

Bilbon bildu direnek “alferrikako” proiektuei “ezetz argia” erakutsi diete, izan ere, “hondamendi ekologikoa eta soziekonomikoa dira, gizakiei eragiten dieten kalteez gain”.

AHT proiektuaren kontrako kontzentrazioa, Bilbon. Argazkia: EiTB
AHT proiektuaren kontrako kontzentrazioa
AHT proiektuaren kontrako kontzentrazioa, Bilbon. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolektibo sozialetako eta sindikaletako ehunka ordezkari bildu dira ostegun honetan, Bilbon, AHTko eta “alferrikako eta inposatutako” euskal “proiektu handietako” obrak geldiaraztea eskatzeko.

Protesta Bizkaiko hiriburuko Plaza Biribilean izan da. AHT Gelditu, Ekologistak Martxan, KEM-MOC, Mugarik Gabe, Fracking Ez, eta Steilas eta LAB sindikatuak izan dira.

Ekitaldian, bildu direnek esan dute Europak abenduaren 8an “Alferrikako eta Inposatutako Proiektu Handien kontrako Nazioarteko Eguna” ospatzen duela, eta horregatik “inposatu nahi dituzten alferrikako” proiektuei “ezetz argia” erakustea erabaki dute.

“Hondamendi ekologikoa eta sozioekonomikoa”

Italian, Alemanian eta Frantzian ere adierazi dute proiektu mota hauen kontrako oposizioa. Bildutako pertsonek adierazi dutenez, “proiektu hauek desastre ekologikoa eta soziekonomikoa dira, gizakiei eragiten dieten kalteez gain. Gune naturalak eta laborantza-lurrak suntsitzen dituzte, eta ingurumena degradatzen dute, herritarrei ondorio negatibo garrantzitsuak ekartzeaz gain”, nabarmendu dute.

Halaber, “erabakitze prozesuan herritarrek parte hartu gabe” gauzatzen direla salatu dute. “Gobernuek eta administrazioek eztabaidatze sozialaren aurrean duten opakutasuna” kritikatu dute.

“Politika aldaketaren” eskaera

Horregatik “politika aldaketa” ikusi nahi dute, “berehala neurriak hartzeaz” gain. “Abiadura Handiko Treneko obrak gelditzea, Garoñako itxiera, francking behin betiko uztea eta Zubietako erraustegia ez eraikitzea” eskatu dute.

“Euskal Herrian elefante zuri asko dugu, eta ezin dugu onartu ordezkatzen gaituzten politikoek aurpegira barre egitea”, ohartarazi dute.

Kolektiboen hitzetan, Eusko Jaurlaritza eta Gobernua “antzezlana egiten ari dira uneotan, 2007tik esku artean duten kupoa likidatzeko, eta negoziazio berriak egin behar dituztela esanez, poltsikoak betetzeko” helburuarekin. Bi gobernuek AHTko tarteen “kudeaketa txarra” leporatzea elkarren artean ere kritikatu dute, bietan “gainkostua” dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak