Ekonomia -
Abiadura handiko trena
Bergarako lotuneko lanen kontratuak baliogabetuko ditu Gobernuak
Lanak duela urtebete esleitu zituzten, baina ez dira hasi, lizitazio prezioaren erdian obrak lortu zituzten enpresek gero diru gehiago eskatu dutelako.
Agentziak | Erredakzioa
Abiadura handiko trenaren Bergarako korapiloa osatzen duten bost tarteen kontratuak baliogabetuko ditu Sustapen Ministerioak.
Lanak duela urtebete esleitu zituzten, baina ez dira hasi, lizitazio prezioaren erdian obrak lortu zituzten enpresek gero zailtasun teknikoak argudiatuz diru gehiago eskatu dutelako. Horregatik, beste metodo batekin berriro hastea erabaki du Sustapen Ministerioak.
Sustapen Ministerioko arduradunek erabakiaren berri eman diote Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeari lanen jarraipenerako batzordearen bilera batean.
Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Manuel Niño Azpiegituretako Estatu idazkariak, Antonio Aiz Garraio sailburuordeak, Isabel Pardo ADIFeko zuzendariak, Jose Luis Sabas ETSko zuzendariak, Almudema Ruiz de Angulo Garraio Azpiegituretako zuzendariak, Juan Miguel Bilbao Ogasun sailburuordeak eta Zuriñe Embid Kupo zuzendariak parte hartu dute bileran.
Kezka
Bilera ondoren, Aizek kezka agertu du, Bergarako lotuneko hiru tartetan Sustapen Ministerioak lanak aurrera eramateko ardura duelako. Ondorioz, abiadura handiko trena 2019an Euskadira heltzea ezinezkoa izango litzateke, ministroak agindu bezala.
?Baina, proiektu berriak uztailean aterako direla azaldu digute goizean eta lan sistema azkarrago batekin egingo lirateke, datorren urteko erdialdera?, azaldu du sailburuordeak.
Lanen bilakaera aztertu dute bi aldeek bileran.
2015eko amaieran Eusko Jaurlaritzak hirietako sarbideak egiteko proposamena luzatu zuen. ?Sustapen Ministerioaren erantzun bat laster? espero dutela azaldu du Garraio sailburuordeak. ?Azpiegitura berriak behin betikoak? izan behar direla berretsi du Aizek.