Ekonomia -
Norwegian konpainia
Bilbo eta Bartzelona arteko hegaldiak egunero, uztailaren 8tik aurrera
Hegaldi merkeak eskaintzen dituen konpainia honek 14 hegaldi (joateko zazpi eta itzultzeko zazpi) eskainiko ditu astean udan zehar, eta 38 hegaldi (noranzko bakoitzean 19), datorren negutik aurrera.
agentziak | erredakzioa
Norwegian konpainiak Bilbo eta Bartzelona arteko hegaldiak eskainiko ditu egunero uztailaren 8tik aurrera, eta urriaren 30etik aurrera, neguko denboraldia hastearekin batera, hiru hegaldi izango dira egunero bi hiriburu horien artean, Norvegiako enpresak gaur jakinarazi duenez.
Hegaldi merkeak eskaintzen dituen konpainia norvegiar honek 14 hegaldi (joateko zazpi eta itzultzeko zazpi) eskainiko ditu astean udan zehar, eta 38 hegaldi (noranzko bakoitzean 19) datorren negutik aurrera; hortaz, astelehenetik ostiralera hiruna hegaldi izango dira egunero, eta bina hegaldi, larunbatetan eta igandeetan.
Bilbotik Bartzelonara joateko txartelak 18,10 eurotik aurrerako prezioa izango du, eta Bartzelonatik Bilborakoak, berriz, 24,50 eurotik aurrerakoa.
Norwegianek Bilbotik merkaturatuko duen bigarren linea izango da honakoa, Oslorako bidaiak egiten baititu 2013. urtetik udan.
Azken hiru urteotan, 34.124 bidaiari eraman ditu linea horren bidez. Oslorako zerbitzua ekainaren 22an abiatuko dute berriro, eta asteazkenero eta larunbatero eskainiko ditu hegaldiak, abuztuaren 13ra arte.