Ekonomia -
Erraldoi teknologikoa
Applen mozkinek behera egin dute azken 13 urteetan lehen aldiz
iPhone telefonoen salmentek behera egin zuten historian lehen aldiz. Hala ere, iPhoneren salmentak diru-sarreren % 65 izan ziren lehen hiruhilekoan.
Agentziak | Erredakzioa
Azken 13 urteetako lehen beherakada izan dute Apple konpainiaren mozkinek 2016ko lehen hiruhilekoan. Gainera, iPhone telefonoen salmentek behera egin zuten historian lehen aldiz.
Martxoaren 26ra arte etekinak % 22,5 behera egin zuela jakitera eman du erraldoi teknologikoak. Lehen hiru hilabeteetan 10.520 milioi dolarreko mozkina lortu zuela azaldu du konpainiak, 1,90 dolar akzio bakoitzeko. Iaz 13.570 milioi dolarreko mozkinak lortu zituen epe berdinean. Era berean, diru-sarrerek % 13 egin zuten behera, eta 50.550 milioi dolarretan kokatu ziren.
Diru-sarrerak zein mozkinak adituek aurreikusitakoaren azpitik kokatu ziren; izan ere, akzioko 2 dolarreko etekina eta 51.970 milioi dolarreko diru-sarrerak espero zituzten.
Produktu bereizgarriak ere, behera
51, 2 milioi iPhone saldu zituen Applek lehen hiruhilekoan, iaz baino gutxiago; izan ere, epe berdinean 61,2 milioi saldu zituen. Hala ere, salmentak adituek aurreikusitakoaren gainetik kokatu ziren. 50 milioi iPhone saltzea espero zuten adituek.
iPhoneren salmentak diru-sarreren % 65 izan ziren hiruhilekoan. Produktu bakarrarekiko enpresak duen menpekotasun handia agerian uzten du datuak.
“Gure taldearen lana oso ona izan da, nahiz eta makroekonomiaren haize-bolada indartsuak kontra izan”, adierazi du Tim Cook Appleko kontseilari delegatuak agiri batean.
Hitzek ez dituzte inbertitzaileak konbentzitu; izan ere, Applen akzioak zigortu dituzte. Hala, erraldoi teknologikoak % 6 baino gehiago egin du behera Wall Streeten.