Ekonomia -
Euskal Autonomia Erkidegoa
Langabeziak behera egin du lehen hiruhilekoan eta % 14,4an kokatu da
Langabezia-tasak 2,3 puntuko beherakada izan du iazko epe berdinarekin alderatuta (% 16,7). Hala, 26.400 langabe gutxiago daude Euskadin.
Agentziak | Erredakzioa
Langabezia-tasak behera egin du Euskadin, 2016ko lehen hiruhilekoan, eta % 14,4an kokatu da. 2,3 puntuko beherakada izan du iazko epe berdinarekin alderatuta (% 16,7). Hala, 26.400 langabe gutxiago daude.
Euskal Estatistika Erakundeak inkesta argitaratu du gaur. 2015eko azken hiruhilekoarekin alderatuta (% 14,7), langabezia-tasak behera egin du.
Beherakada esanguratsua da; izan ere, 2015eko lehen hiruhilekoan 177.100 langabe ziren; aurten, aldiz, 150.700 zeuden martxoaren amaieran.
53.500 etxe, lanik gabe
53.500 etxek (% 6,1) pertsona aktibo guztiak lanik gabe dituzte Euskadin. Guztira, 872.400 etxe daude EAEn.
Bestalde, biztanleria okupatuak gora egin du, 2015eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. 8.700 pertsona gehiago lana dute, horietatik 6.700 emakumeak dira eta gainerako 1.900 gizonak.
Gizonezko langabeen kopuruak (81.200) 3.400 lagunetan behera egin du. Lanik gabe dauden emakumeak 69.500 dira, 700 gutxiago. Gizonen langabezia-tasa % 14,7koa da eta emakumeena % 14,1ekoa.
Gazteen langabezia
Gazteen langabezia-tasa, ordea, ikaragarria da (% 34,1). 16 eta 24 urte bitarteko 15.200 gazte lanik gabe dira.
Lurraldeka, beherakadarik handiena Gipuzkoan (-4.400 pertsona) gertatu zen, 2015eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Gipuzkoako langabezia-tasa % 11,9koa da, aurreko hiruhilekoan baino 1,3 puntu gutxiago.
Bizkaian, 87.500 langabe daude, 100 pertsona gutxiago; baina langabezia-tasak bere horretan jarraitzen du (%16). Araban langabeziak 400 lagunetan gora egin du, baina tasa berdina da (% 14,5).
Estatuan baino langabezia gutxiago, baina EBn baino gehiago
Espainiak (% 20,4) baino langabezia-tasa txikiagoa du Euskadik, baina Europar Batasunak (% 8,9) baino handiagoa.
Bestalde, industriak lanpostuak sortu dituela goraipatu du Eustatek. 189.000 pertsona ari dira lanean EAEko industrian, aurreko hiruhilekoan baino 2.400 gehiago eta iazko hiruhileko berdinean baino 5.100 gehiago.
Gizarte Segurantzari dagokionez, 828.000 afiliatu dira Euskadin, horietatik % 97,9 lanean daude.
Bestalde, 150.700 langabeetatik 140.400k Lanbiden izena emanda dutela zehaztu du Eustatek.
Jaurlaritzaren balorazioa
Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuaren arabera, langabezia datuen eboluzioa "positiboa" da, baina oraindik ere 150.000 pertsona langabezian egotea "larregi" da, haren iritzian.
Toñak nabarmendu duenez, langabe kopuruan izandako jaitsiera "nahiko ona" da, eta "beheranzko joera" berresten du.
Dena dela, sortutako enpleguaren kalitatea zaindu behar dela uste du Enplegu sailburuak.
Bestalde, industria sektorean izandako gorakada azpimarratu du, industria euskal ekonomiarentzat "gakoa" baita.