Ekonomia -
Hazkunde ekonomikoa
Gobernuak 2016 eta 2017rako aurreikuspen ekonomikoak jaitsi ditu
Espainiako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak beheratu ditu gaur Luis de Guindos jarduneko Ekonomia ministroak: % 2,7 haziko da 2016an, eta % 2,4 2017an.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako jarduneko Ekonomia ministroak gaur jakitera eman duenez, Gobernuak jaitsi egin du 2016 eta 2017 urteetarako aurreikusita zuen hazkunde ekonomikoa; horrenbestez, aurten % 2,7 eta datorren urtean % 2,4 haztea espero du.
Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eta Munduko Bankuaren (MB) udaberriko biltzarraren barruan eman duen prentsaurrekoan De Guindosek adierazi du aurreikuspen berri horiek dezelerazio globalari erantzuten diotela. Espainiako Gobernuaren aurreko aurreikuspenen arabera, ekonomia % 3 eta % 2,9 areagotu behar zen 2016an eta 2017an, hurrenez hurren.
"Koadro makroekonomiko errealista da", azpimarratu du ministroak, eta datu berri horiek ahultasun ekonomikoaren testuinguru barruan sartu ditu.
Kalkulu berriak aste honetan Nazioarteko Diru Funtsak Espainiako ekonomiarako zabaldu dituen aurreikuspenetara hurbiltzen dira. Datu horien arabera, Espainia % 2,6 haziko da 2016an eta % 2,3 2017an.
Aitzitik, kazetariei adierazi dienez, "herrialde aurreratuetako ekonomia handien artetik Espainia da gehien hazten dena", eta hurrengo bi ekitaldietan ia 900.000 lanpostu sor ditzakeela gaineratu du.
Nazioarteko Diru Funtsak bi hamarren txikiagotu du aurtengo aurreikuspen globala % 3,2ra jaitsi arte, Txinako geldiagotzea eta AEBn eta Japonian izandako uste baino hazkunde txikiagoak direla-eta.