Ekonomia -
Kooperatiba
Eroskik mozkinak lortuko ditu zortzi urte geroago
Galerak izaten 2008an hasi zen kooperatiba. Benetako lurrikara bat izan zen. Caprabo erosi eta egitasmoetan 5.000 milioiko inbertsioa egin ondoren zor ikaragarria pilatu zuen kooperatibak.
E. Lotina | eitb.eus
Zortzi urteko galeren ostean Eroskik mozkinak lortuko ditu aurten, Radio Euskadik azaldu duenez.
Agustin Markaide Eroskiko presidenteak atzo kazetarien aurrean ziurtatu zuenez, kooperatibak irabaziak izango ditu. Galerak izaten 2008an hasi zen kooperatiba. Kooperatibarentzat benetako lurrikara izan zela onartu zuen presidenteak. Caprabo erosi eta egitasmoetan 5.000 milioiko inbertsioak egin ondoren zor ikaragarria pilatu zuen kooperatibak.
Bankuekin zor ikaragarria kitatzeko negoziatzeaz gain, Eroskik berregituraketa gogorra egin behar izan du azken urteetan. Bankuekin akordio batera heldu zen 2014an. Kooperatibak 600 saltoki itxi behar izan ditu. Hala, 17.000 lanpostu deuseztatu zituen. Gainera, fakturazioa 3.000 milioitan murriztu zen.
Orain kooperatibak etorkizuna garbiago ikusten du eta 2016an mozkinak lortzea espero du.
2015ean oraindik, galerak
2014an, 90 milioi euroko emaitza positiboa lortu zuen Eroskik, eta 2015ean “nabarmen hobetu” zuen, Markaideren arabera.
Baina konpainiak 280 milioi euro galdu zituen 2014an, merkataritza sareko berregituraketagatik eta aktiboen balio-galeragatik.
2015eko ekitaldian ezohiko emaitzak negatiboak izatea espero dute oraindik, ondorioz, galerak iragarriko dituzte, baina 2016an (emaitzak 2017an aurkeztuko dituzte) guztia mozkinak izatea aurreikusi dute.
700 milioiko ezohiko diru-sarrerak
Hiru operaziorekin 700 milioi euroko ezohiko diru-sarrera lortuko du Eroskik aurten: supermerkatuen (36 hipermerkatu Carrefourri) eta Gonuri higiezinen agentziaren salmenta. 700 milioi horietatik, 500 milioi zorra amortizatzera bideratuko ditu.
500 milioiko amortizazio horrekin eta datozen urteetan egin beharrekoarekin, 2019ean zorra 1.600 milioitan uztea espero du Eroskik.
“Ametsezko egoera ez, baina bai ona” dela nabarmendu du Markaidek. Urtean 6.000 milioiko fakturazioa du kooperatibak orain. 2018an zorra berriz negoziatzeko asmoa du Eroskik, ez aipatutako 1.600 milioiak murrizteko, posible baldin bada areagotzeko baizik, inbertsio berriei aurre egiteko.