Ekonomia -

'Gurtel auzia'

85 milioi euroko fidantza ezarri dio epaileak Francisco Correari

Horrez gain, Correa eta bere bazkideen ondasunak ere bahitu ditu (Pablo Crespo Sabaris, Alvaro Perez, 'El Bigotes', Carmen Rodriguez Quijano eta Ramon Blanco Balon), ezarritakoa bete arte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Pedreira Madrilgo Auzitegi Nagusiko epaileak 85 milioi euroko fidantza ezarri dio Francisco Correari, ''Gurtel auziko'' ustezko buruari. Horrela, Correari leporatzen dizkioten delitu fiskalen ondorioz gerta litezkeen erantzukizunak ordaindu ahal izatea nahi du epaileak.

Pedreirak martxoaren 31an egindako idazkian, 2002 eta 2007 artean egindako ustezko delituen kostua handia izan daitekeela nabarmendu du.

Horrez gain, Correa eta bere bazkideen ondasunak ere bahitu ditu (Pablo Crespo Sabaris, Alvaro Perez, ''El Bigotes'', Carmen Rodriguez Quijano eta Ramon Blanco Balon), ezarritako diru-kopurua bete arte.

Epaileak biharko deitu ditu Gurtel auziko aldeak, sekretutik kenduko dituen 50.000 orriak dauden webgunearen pasa-hitzak emateko.Hasieran, epaileak gaur egingo zituen publiko orriok, baina azkenean bihar arte atzeratu du, arrazoi teknikoak tarteko.

Auzipetuek eta akusazioek auzitegira joan beharko dute bihar 09:00etatik 14:00etara, identifikazioak jasotzeko.

Urrian, Pedreira epaileak Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak ikertutako zatia egin zuen publiko.Besteak beste, espetxean jarraitzen duten hiru auzipetuek (Francisco Correa, Pablo Crespo eta Antoine Sanchez) kartzelan euren abokatuekin izandako elkarrizketak egin zituzten publiko.

Ustez PPko hainbat kargudunekin zerikusia duen ustelkeria sare bat ikertzen ari dira auzi horretan.

Ondoren, baina, Madrilgo Auzitegi Nazionalak baliogabe utzi zituen, entzuketak "bidegabeak" izan zirela eta defentsa-eskubidea urratu zutela argudiatuta.

Orain, baliteke epaileak auzipetutakoen zerrenda ''argaltzea''. Orain 80 inguru baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea