Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
Gasteizen AHTa lurperatzea 'bideragarria' dela uste du Jaurlaritzak
Salburua eta Zabalgana arteko tartea lurperatu nahi du Gasteizko Exekutiboak, hiria bitan zatitzea saihesteko.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizen abiadura handiko trena (AHT) lurperatzeko proposamena defendatu zuen atzo Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, proiektua teknikoki “bideragarria” eta ekonomikoki “jasangarria” delako.
Oregik prentsaurrekoa eman zuen atzo, Gasteizko Exekutiboak Sustapen Ministerioari igorritako proposamenaren xehetasunak azaltzeko. Salburua eta Zabalgana arteko tartea lurperatu nahi du Jaurlaritzak, hiria bitan zatitzea saihesteko.
Sailburuak azaldu zuenez, irailaren 22an Madrilen Ana Pastor Sustapen ministroarekin eta EAEko hiru hiriburuetako alkateekin egindako bileran, AHTaren sarbideak urtea bukatu baino lehen zehazteko konpromisoa hartu zuten.
AHTa Gasteizera Lakuatik sartzea da orain arte Sustapen Ministerioak emandako irtenbide ofiziala, Oregiren iritzian. Kostua ia 500 milioi eurokoa izango litzateke. Egitasmo hori 2012an onartu zuen Espainiako Gobernuak.
“Behin-behineko” irtenbideari, kritikak
Hala ere, kostu ekonomiko handia dela eta, proiektu hori gauzatzea ezinezkoa dela esan du Ministerioak azken urteetan, Oregiren esanetan. Hiria bitan zatitzen duen zuloa ezabatzen ez duen “behin-behineko” irtenbide bat planteatu du Espainiako Exekutiboak, 189 milioi euroko inbertsio batekin.
Sailburuaren ustez, baina, inbertsio hor “ez da aprobetxatzeko modukoa behin betiko agertokian”, gaur egun modu ofizialean jasota dagoen irtenbidean, “hiriaren iparraldean lurperatzea baita oraindik”.
Oregik kritikatu duenez, behin-behineko konponbideak “data zehatzik eman gabe atzeratzen du trena behin betiko lurperatzeko konponbidea”, eta urteetan zehar irauteko arriskua du. “Hanka-sartzea” da, beraz, Eusko Jaurlaritzaren iritzian.
Jaurlaritzak aurkeztutako proposamena “berritzailea” da, horren aburuz, “lurperatzea zatika” egitea jasotzen baitu, trenak hiriaren erdigunean sortuko lukeen zuloa ezabatu eta 175.000 metro karratuko eremu bat askatzeko.