Ekonomia -

Enplegua

Langabeziak behera egin du irailean Euskadin eta Nafarroan

347 pertsona langabe gutxiago daude Euskadin eta 524 gutxiago Nafarroan. Espainian, ostera, gora egin du langabeen kopuruak. 26.087 pertsona gehiago zenbatu dituzte langabezian.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Jaitsi egin da Euskal Herrian, ez ordea Espainian

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeen kopuruak behera egin du Euskadin, irailean. Abuztuan baino 347 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian. Honenbestez, 155.422 langabe daude EAEn, % 0,22 gutxiago.

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren arabera, 2014ko iraileko datuekin alderatuta, 14.115 pertsona gutxiago daude langabezian.

Araban eta Gipuzkoan langabeziak behera egin du, 389 (% 1,52) eta 68 (% 0,16) langabe gutxiago erregistratu baitituzte batean eta bestean. Bizkaian, aldiz, gora egin du, 110 pertsona gehiago (% 0,13) zenbatu dituzte langabezian.

Langabeziak behera egin du sektore hauetan: eraikuntza (324), industria (306), nekazaritza (258) eta zerbitzuak (202). Aurretik lanik izan ez dutenen artean, ostera, gora egin du langabeen kopuruak (743).

Kontratuei dagokienez, guztira 89.136 egin dituzte; mugagabeak izan dira horietako 6.550, eta aldi baterakoak, gainerako guztiak (82.586).

Bestalde, Gizarte Segurantzak 891.525 afiliatu batu ditu irailean, aurreko urteko hilabete berean baino 18.756 afiliatu gehiago; % 2,15eko igoera izan du, beraz. Abuztuko datuekin alderatuta, 6.116 afiliatu gehiago (% 0,69) daude EAEn.

% 1,25 behera, Nafarroan

Nafarroan ere, behera egin du. Irailean, 524 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian foru erkidegoan, % 1,25 gutxiago. Guztira, 41.243 langabe daude Nafarroan.

Azken hamabi hilabeteetan, 4.963 langabe gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan, % 10,74 gutxiago, alegia.

Sektore guztietan egin du behera langabeziak Nafarroan, aurretik lanik izan ez dutenen artean izan ezik. 11 pertsona gehiago daude langabezian talde horretan, eta 3.339 dira guztira. 20-24 eta 30-44 adin-tarteak dira kaltetuenak.

Kontratazioari dagokionez, Foru Erkidegoan 36.598 kontratu egin direla jakinarazi du Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak, abuztuan baino 10.416 gehiago. Horietatik 1.889 bakarrik izan dira mugagabeak. Hala ere, abuztuan baino % 95,1 gehiago eta duela hamabi hilabete baino % 13,5 gehiago izan dira.

Langabeziak gora egin du Estatuan

Espainian, aldiz, langabe kopuruak gora egin du irailean. 26.087 pertsona gehiago zenbatu dituzte langabezian. Guztira, 4.094.042 langabe daude.

Abuztuko datuekin alderatuta, langabeziak % 0,64 egin du gora irailean. Horrela, azken bi hilabeteetan gora egin du langabeen kopuruak Estatuan. Irailean gorakadak izan ohi dira udako denboraldia amaitzearekin batera. 1996az geroztik, hirutan egin du behera: 2005ean, 2006an eta 2007an.

Bi sektore ekonomikotan egin du gora langabeziak irailean: zerbitzuak (43.155 langabe, % 1,6, gehiago) eta aurretik lanik izan ez dutenen kolektiboa (9.310 langabe, % 2,6, gehiago). Beste hauetan, berriz, behera egin du: nekazaritza (12.447 langabe, % 6,4, gutxiago), eraikuntza (9.902 langabe, % 2,1, gutxiago) eta industria (4.029 langabe, % 1, gutxiago).

1.795.742 kontratu erregistratu dira irailean, 2014ko hilabete berean baino % 9,9 gehiago. Horietatik 152.928 kontratu (% 8,5) mugagabeak izan dira, 2008ko urritik kopururik handiena eta iazko irailean baino % 10,4 gehiago.

8.916 afiliatu gehiago ditu Gizarte Segurantzak

Bestalde, Gizarte Segurantzak abuztuan baino 8.916 afiliatu gehiago ditu; % 0,05 gehiago, hain zuzen. Guztira, 17.189.815 dira, Enplegu Ministerioak jakitera eman duenez.

Horrela, afiliazio kopuruak gora egin du irailean bigarren urtez jarraian, baina gorakada txikiagoa izan da aurten; izan ere, 2014an 12.182 afiliatu berri izan ziren. Iraila hilabete negatiboa izan ohi da, turismoarekin lotutako kontratuak amaitzen direlako. Urtebetean, 528.112 afiliatu irabazi ditu sistemak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian Lana azken orduko albisteak Eguneko albisteak