Ekonomia -
Ostalaritza baimenak
Ez dute lizentzia gehiago emango Iruñeko Alde Zaharrean, urtebetez
Gaurtik aurrera etengo dituzte ostalaritza baimenak eta, gehienez, urtebete egongo da neurria indarrean. Etenaldiak ez du eraginik izango tramitazio fasean dauden baimenen kasuetan.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Udalak onartu egin du Alde Zaharrean ostalaritza baimen berriak etetea. Gaurtik aurrera etengo dituzte lizentziak eta, eta, gehienez, urtebete egongo da neurria indarrean. Etenaldia lizentzia berrietarako izango da, eta ez du eraginik izango tramitazio fasean dauden baimenen kasuetan.
Gehienezko urtebeteko epea horretan, Udalak aztertu egingo du hiriko alde zaharreko kafetegi, jatetxe, gastronomia sozietateen egungo egoera, ''etorkizuneko eredu berri bat'' proposatzeko, Udalak berak iragarri duenez.
Atzo bertan bildu ziren Joseba Asiron Iruñeko alkatea, gobernu taldea eta bizilagunen elkarteak eta ostalari eta merkatariak; bertan, baimenen luzamenduaren beharra adostu zuten.
Helburua eredu berria aztertzea da, ''apurtutako oreka'' berreskuratzeko. Izan ere, azken urteotan mota honetako negozio berri asko ireki dira, eta horrek bizilagunen kexak piztu ditu.
Udalak lanerako eztabaida-leku berria sortuko du, hiru aldeetako ordezkariekin, eta aldian-aldian batzartuko dira, epe ertainerako eta epe luzerako neurriak adosteko, Udalak argitu duenez.