Ekonomia -
Aurrekontuei erreakzioak
Osoko zuzenketa aurkeztuko du EAJk, Aurrekontuak 'iruzurra' direlako
“Krisiaren ondorioak gehien nozitu dituztenei bizkarra ematen jarraitzen dute”, kritikatu du Amaiurrek. PSOEren hitzetan, kontu “bidegabeak, antisozialak eta oso ideologikoak dira”.
Agentziak | Erredakzioa
Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko diote jeltzaleek, Pedro Azpiazu EAJren Kongresuko bozeramaile ekonomikoak iragarri duenez. Herritarrei “iruzurra” egin nahi dietela salatu du bozeramaile jeltzaleak. Aurrekontuak “hauteskundeei begira” egin dituztela kritikatu du Azpiazuk.
Bilboko Sabin Etxean egin ditu adierazpenak Azpiazuk, Cristobal Montoro Ogasun ministroak Aurrekontuak Diputatuen Kongresuan aurkeztu ondoren.
Amaiur: ''Krisia jasan dutenei bizkarra ematen diete''
Era berean, koalizioak osoko zuzenketa aurkeztu behar duela aurreratu du Rafael Larreina Amaiurreko diputatuak. “Krisiaren ondorioak gehien nozitu dituztenei bizkarra ematen” jarraitzen dutela uste du Larreinak.
“Elitezko populismo baten aldeko apustua egin du Gobernuak. Enpresa handiei, funtzionarioei eta urte hauetan krisia gutxien nozitu duten pertsonei begira egindako aurrekontuak dira, eta krisi ekonomikoa gehien pairatu dituztenei bizkarra ematen diete”, laburbildu du.
''Benetako inbertsioa'' ote den aztertuko du Nafarroako Gobernuak
Nafarroako Gobernuak, bestalde, adierazi du 2016ko Aurrekontuen proiektuaren zenbatekoa aztertuko duela. ''Ikusi beharko da benetako inbertsioa ote den'', esan du Uxue Barkosek. Bixente Serrano Izko geroa Baiko diputatuak salatu duenez, ''proiektua ez da sinesgarria'', eta ez du balio izango ''kalitatezko enplegua sortzeko''.
Erreakzio gehiago
Bestalde, Mariano Rajoyren Gobernuak “lotuta” utzi nahi dituen Aurrekontuak “herritarrek datozen hauteskunde orokorretan askatuko” dituztela ohartarazi du Antonio Hernando bozeramaile sozialistak. Hernandoren ahotan, kontu “bidegabeak, antisozialak eta oso ideologikoak” dira. Hauteskunde orokorren ondoren indarrean sartuko den aurrekontu bat onartzea herritarren borondatea “ez errespetatzea eta demokratikoa” ez dela adierazi du Hernandok prentsaurrekoan.
Enplegua “desegiteko” Aurrekontuak diseinatu dituztela adierazi du Alberto Garzon IUko presidentegaiak. Lanpostu duinak “zabor” kontratuekin ordezkatu nahi dituztela salatu du. Murrizketa politikekin jarraitzea “hanka-sartze” bat dela uste du Garzonek. IUko ordezkariaren hitzetan, helburu duten hazkunde ekonomikoa “lortzea ezinezkoa” da. Gainera, jadanik PPren Gobernua “sinesgarria” ez dela nabarmendu du Garzonek.
Aurrekontuak “engainagarriak” eta “arbuiagarriak” direla esan du Rosa Diez UPyDko diputatuak. “Hauteskunde-kanpainako lehen ekitaldia” izan dela kritikatu du Diezek. UPyDk osoko zuzenketa aurkeztu behar duela iragarri du. “Kudeatu behar izango ez dituzten Aurrekontuak direla badakite. Zeregin parlamentarioa mespretxatzeko modu bat da, erakunde parlamentarioa eta Gobernua Alderdi Popularraren interesarekin nahasteko saiakera bat”, kritikatu du Diezek Kongresuko pasilloetan.
Albert Rivera Ciudadanos alderdiko buruak, bere aldetik, kritikatu egin du Espainiako Gobernuak Aurrekontuen proiektua aurkeztu izana, eta ''neurri elektoralista'' dela adierazi du.