Ekonomia -

SALEROSKETA

Euskaltelek R Cable operadore galiziarra erosi du, 1.155 milioitan

Bategitearen ondoren, enpresa berriak 725 mila kilometroko sarea izango du eta 715.000 bezero. Kable bidezko Estatuko operadore nagusienetakoa bihurtzea du helburu Euskaltelek.

Euskaltel Burtsara atera zeneko irudia, uztailaren 1ean. EFE.
Euskaltel Burtsara atera zeneko irudia, uztailaren 1ean. EFE.
Euskaltelek nabarmen egin du gora burtsan

00:30

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltel euskal konpainiak R Cable galiziarra 1.155 milioi euroren truke erosteko aurreakordioa sinatu du. Euskatelek merkatuan duen balioaren (1.300 milioi euro, gutxi gora behera) ia balio bera du Galiziako operadoreak.

Euskaltelek eman dio operazioaren berri Balioen Merkatuko Batzorde Nazionalari. CVC inbertsio funtsa eta Abanca finantza erakundea dira, egun, R Cableren akziodun nagusiak, eta sinatu berri den akordioren ondoren, Euskaltelen akziodunen jabegora pasatuko dira.

Kutxabank da Euskaltelen akziodun handiena; akzioen % 30en jabea da. Bigarren lekuan Alba Finantza Korporazioa dago, akzioen % 8kin.

Dirutan eta akziotan egingo du ordainketa Euskaltelek. Bategitearen ondoren sortuko den enpresa berriak 725.000 kilometroko kable sarea kudeatuko du euskal konpainiak, eta 715.000 bezero izango ditu. Operazio berriari esker, urtean 570 milioi euroko diru sarrerak izatea aurreikusi dute Euskalteleko buruek.

Telekomunikazio enpresen izaera lokalari eusteko konpromisoa hartu dute bi aldeek. Bi markei eutsiko diete, eta orain arteko egiturak eta taldeak mantenduko dituzte.

Bi kontseilarik dimisioa eman dute

Euskalteleko Administrazio Kontseiluak jakitera eman duenez, International Cable B.V. enpresak izendatutako bi kontseilarik euren kargua uztea erabaki dute, Euskaltelek R Cable konpainia erosiko duela iragarri ostean.

Balioen Merkatuaren Batzorde nazionala jakinaren gainean jarri du Euskaltelek;  John C. Mwinckel (Marebluren ordezkaria) eta Javier Bañon Treviñoo dira dimisioa aurkeztu duten kontseilariak.

Hala, Bañon Treviñok Euskaltelen Izendapen eta Ordainsari Batzordeko kide izateari utziko dio. Mwinckel, berriz, Kontrolerako Batzordetik kanpo geratuko da. Euskaltelen zuzendaritzak egingo duen hurrengo bileran, bi kontseilariek utzitako hutsuneak betetzeko izenak proposatuko dituzte.

Burtsan, gora

Bestalde, Euskaltelek goranzko joerarekin hasi du eguna gaur Burtsan: % 7,66 igo dira euskal konpainiaren balioak merkatuan, operazioaren berri izan ondoren.

Saioa hasi orduko, 10,100 eurotik 10,250 eurora igo dira Euskaltelen bonoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Galizia azken ordukoa