Ekonomia -
BAIren datuak
6.700 langabe gutxiago EAEn, 2015eko bigarren hiruhilekoan
Langabezia-tasa % 15,98koa da Euskadin, BAIren datuen arabera. Nafarroan, 9.600 lagun gutxiago daude lanik gabe; tasa % 12,55ekoa da. Estatuan, 295.600 langabe gutxiago daude.
Agentziak | Erredakzioa
6.700 langabe gutxiago daude EAEn, 2015eko bigarren hiruhilekoan, ostegun honetan jakitera eman duten Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera. Hortaz, langabezia-tasa % 15,98koa da Euskadin, urtarriletik martxorako datuekin alderatuta % 0,45 baxuagoa. Nafarroan, 9.600 lagun gutxiago daude lanik gabe, eta tasa % 12,55ekoa da.
Estatuari dagokionez, 295.600 langabe gutxiago daude; langabezia-tasa % 22,37koa da, 1,45 puntu baxuagoa, eta 2011ko datuetara bueltatu da. 411.800 lanpostu sortu dituzte, 2005etik jasotako kopururik handiena.
Estatu mailan, Nafarroak du langabezia-tasarik baxuena, eta Euskadi zerrenda horretako bigarren tokian dago kokatuta. Foru Erkidegoan, langabezia % 20 jaitsi da, 2015eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta EAEn murrizketa % 3,94koa izan da.
Langileen kopuruak behera egin du EAEn: 5.700 gutxiago daude (% 0,66 gutxiago). Euskadi da lanpostu gehien suntsitu dituen autonomia-erkidegoa.
Kide guztiak langabezian dituzten etxeen kopuruan, beherakada
Kide guztiak langabezian dituzten etxebizitzak ere gutxiago dira; izan ere, 2015eko bigarren hiruhilekoan 136.000 etxe daude egoera horretan, aurrekoan baino % 7,6 gutxiago (guztira, 1.657.500 etxe dira). Azken urtean, 176.400 etxe atera dira egoera horretatik (% 9,6).
16-24 urte bitarteko gazteen artean, 14.900 langabe gutxiago daude, 2015eko lehen hiruhilekoaren aldean. Guztira, adin horretako 767.200 gazte daude langabezian.