Ekonomia -

Trenak

Errumaniako Fiskaltza CAFek lortu zuen lizitazio bat ikertzen ari da

Lehiaketaren ebaluazio batzordeko kideak ikertzen ari dira, erosi egin ote zituzten, botere gehiegikeriaz jokatu ote zuten, eta enpresa lehiakideen informazioa zabaldu ote zuten argitzeko.

CAF. Argazkia: EiTB
CAF.
CAF. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errumaniako Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltza Metrorexeko, Bucaresteko metroa kudeatzen duen enpresako, hiru agintari ikertzen ari da, CAF tren ekoizle gipuzkoarrak irabazi zuen lizitazio batean erosi egin ote zituzten argitzeko, Ministerio Publikoak gaur jakitera eman duenez.

Zuzendari errumaniarrak aipatu enpresa publikoko eskaintzen ebaluaziorako batzordeko kideak dira, eta susmoa da "lizitazioa manipulatu" zutela "esleipena atzerriko enpresak lor zezan", adierazi du Fiskaltzak prentsa-agiri batean.

Hain zuzen ere, eroskerian erortzea, "botere gehiegikeriaz" jokatzea, eta CAFi "abantaila emateko" lehiakideen informazio sekretua helaraztea leporatzen diete.

Fiskal errumaniarrek diote Metrorexeko hiru agintariek CAFek ordaindutako bidaia bat onartu zutela lizitazio prozesuaren erdian. Agerpres albiste-agentziak dio bidaia CAFen Beasaingo fabrikara egin zutela.

Aurreko martxoan, Metrorexek 51 tren berri ekoizteko kontratua eman zion CAFi, 310 milioi euroren truke, Bucarest kanpoaldean egingo duten metro linea berrirako.

Era berean, "eroskeria" leporatu dio Errumaniako Fiskaltzak Ovidiu Bancescuri, "atzerriko enpresa baten" ordezkariari.

Errumaniako hedabideek diote Bancescu CAFek Errumanian duen ordezkaria dela, eta Fiskaltzak dio berak antolatu zuela hiru agintarien bidaia.

Beasaingo CAFetik esan dute beraiek sinatu gabe dutela oraindik kontratua, eta auzibidean dagoen gai baten inguruan ez dutela hitz egiten.

CAFek Errumanian duen ordezkaritzak, berriz, esan du ez dutela ezer ezkutatzeko eta Fiskaltzarekin kolaboratzeko prest daudela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
CAF