Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

EH Bildu: 'Errentagarritasun ekonomikoaren azterketarik ez du AHTk'

EBren dirua jasotzeko Bruselak azterketa horiek egiteko baldintza jarri zuela gogorarazi du koalizio abertzaleak. Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, “kostu azterketa oso serio” bat du AHTk.

AHT. Artxiboko irudia: EFE
AHT. Artxiboko irudia: EFE
AHT. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura handiko trenaren proiektuak errentagarritasun ekonomikoaren azterketa bat ez duela salatu du gaur EH Bilduk. Europar Batasunaren dirua jasotzeko Europako Batzordeak errentagarritasun azterketak egiteko baldintza jartzen duela gogorarazi du koalizio abertzaleak.

Europako Batzordeak Josu Juaristi Bilduko eurodiputatuari emaniko erantzun parlamentarioaren berri eman du gaur Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak prentsaurrekoan.

Abiadura handiko lineen aldeko apustua egiten jarraitzea errentagarria eta bideragarria ote den galdetu zuen Juaristik, besteak beste. Proiektuek ‘Europa Konektatu’ mekanismoaren markoan bakarrik “laguntza jasoko” dutela erantzun dio Europako Batzordeak eurodiputatuari. Horretarako, egitasmoek errentagarritasun positiboa izan beharko dutela erantsi du EBk.

Erantzun horren aurrean, AHTren EAEko tarteak errentagarritasun ekonomikoaren azterketarik ez duela kritikatu du EH Bilduk. Koalizio abertzalea betidanik AHTren aurka agertu da.

"Kostu azterketa oso serioa"

AHTren EAEKo tarteak “kostu azterketa oso serio” bat duela ziurtatu du Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak “azpiegitura defendatzen” jarraituko duela adierazi du Oregik.

“Europak abiadura handiaren aldeko apustua” egin duela azpimarratu du sailburuak. Zentzu horretan, Atlantikoko korridorea EBren “lehentasuna” dela gogorarazi du. Batasunaren garraio politikako liburu zurian lehentasuna dela erantsi du. Euskal ‘Y’ Atlantikoko korridorean dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EH Bildu Araba