Ekonomia -

AHT

'Euskal Y'-a uste baino motelagoa izango dela iragarri du Espainiak

Espainiako Gobernuko Azpiegitura idazkariak esan du 'Euskal Y'-ak uste zena baino 21 minutu motelago lotuko dituela Gasteiz, Bilbo eta Donostia. Jaurlaritza 'harrituta' agertu da datuon aurrean.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Abiadura handiko trena uste baino mantsoagoa izango da

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasiera batean iragarritakoa baino motelagoa izango da abiadura handiko trena (AHT), Sustapen Ministerioaren arabera. Zentzu horretan, EAEko hiru hiriburuak lotzeko denbora gora egiteak Eusko Jaurlaritza “harritu” du.

Ana Pastor Sustapen ministroak Bergarako lotunea bisitatu zuen urtarrilaren 28an. 2019an lanak amaitu behar zituztela iragarri zuen ministroak. Bidaiariek Gasteiztik Bilbora joateko 40 minutu inguru, eta Donostiatik Gasteizera zein Bilbora 50 minutu beharko zituztela iragarri zuen Pastorrek.

Manuel Niño Azpiegituretako Estatu idazkariak denborak zehaztu zituen atzo. Horrela, Bilbo eta Gasteiz lotzeko 43 minutu beharko dituztela azaldu zuen Niñok. Donostia beste bi hiriburuekin lotzeko 55 minutu beharrezkoak izango direla iragarri zuen.

Denbora iragarpen horiek hasiera batean agindutakoak baino handiagoak dira: 28 minutu Bilbo eta Gasteiz lotzeko, 34 minutu Donostia eta Gasteiz lotzeko eta 38 minutu Donostia eta Bilbo lotzeko.

Datuak hasierako kalkuluekin “kontraesanean” daudela onartu du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Kasu horretan, abiadura handiko trenak “lehiakortasuna” galduko lukeela esan du.

Hirietako sarbidea

Hala ere, hiriburuetara sartzeko garaian hartzen den aukeran ezberdintasuna izan daitekeela uste du Erkorekak.

Eduardo Molina Adif Abiadura Handiko plangintza zuzendariak gaur, Bilbon, azaldu duenez, hirietan trenbidea lurperatzeko lanak aurrera eramateko proiektuak finantza bideragarritasuna izan behar du.

Trena Bilbon sartzeko Abandoko geltokira arte trenbidea lurperatzeko egitasmoa berreskuratu behar zutela iragarri zuen Ana Pastor ministroak duela zenbait aste.

Espainiako hiri askotan abiadura handiaren sarbideak lurperatze proiektuekin bideratu izan direla gogorarazi du Adifeko zuzendariak, baina egitasmo horiek “egun bideragarritasun eskasa” dutela onartu du.

Lanak gelditzeko eskatu du EH Bilduk

Azkenik, AHTren “obrak gelditzeko unea” dela adierazi du Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak. Ibilbideak egiteko denbora aurreikuspenen aldaketa ezagutu eta gero, kostu eta mozkinak kontu handiz aztertzeko garaia dela uste du koalizio abertzaleak.

Koalizio abertzalearen hitzetan, datu berri horiek proiektua hasieratik “lardaskeria” bat dela demostratzen dute, ingurumen arrazoiengatik, kostu ekonomikoagatik eta errepideko garraioaren arazoak konpontzen ez dituelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa