Ekonomia -
Ekonomia
Gipuzkoan ekonomia % 2 haztea aurreikusi du Merkataritza Ganberak
Pedro Esnaola Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidenteak esan duenez, 2015eko hazkundeak ez du 'langabeziaren arazoa' konponduko, baina 'konfiantza' sortuko du.
Erredakzioa
2015ean Gipuzkoako ekonomia % 2 edo "zerbait gehiago" haziko dela aurreikusi du Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, EAEko ekonomia bezala. Hazkunde horrek ez du langabeziaren arazoa konponduko, baina konfiantza ekarriko du. Hala esan du Pedro Esnaola Gipuzkoako Merkataritza Gaberako zuzendariak, Donostian, gaur goizean, egin duen agerraldian.
Helburua hazkundea % 3koa izatea dela nabarmendu du Esnaolak, baina hori 2016an etor litekeela esan du.
Endika Sanchez eta Iñigo Muguruza ere, Ganberako idazkari nagusia eta Berrikuntza zuzendaria, hurrenez hurren, Esnaolarekin batera agertu dira prentsaren aurrean, 2015eko aurreikuspenen inguruko txosten ekonomikoa aurkezteko. Gipuzkoako 800 enpresa aztertu dituzte, txostena osatzeko.
"2014a ez da urte txarra izan, langabezia datuak onak ez diren arren. Hoberantz egin dugu eta horrek baikortasun zantzuak zabaldu ditu. Enpresa gehienek aurreikuspen positiboak dituzte", zehaztu du Esnaolak.
Aztertutako enpresen % 88rentzat 2015a iazko urtea baino hobeagoa edo antzerakoa izango da, emaitzei eta enpleguari dagokienean. Testuinguru honetan, Esnaolak ezinbestekotzat jo du enpresen nazioartekotzea, lehiakorragoak izan daitezen. Hori ahalbidetuko duten neurriak abian jartzea da erronka.