Ekonomia -
Langabezia Datuak
Aburto: 'Egoera hobetzen ari da, baina oraindik arrisku egoeran gaude'
Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuaren arabera, sortzen den enpleguaren kalitatea 'prekarioa' da, aldi baterako lana delako. Beraz, haren hitzetan, oraindik arrisku egoeran gaude.
Erredakzioa
Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politika sailburuak gaur kaleratu diren langabeziak datuak izan ditu hizpide: "egoera pixkanaka-pixkanaka hobetzen ari dela erakusten dute datuok", esan du. Dena dela, oraindik arrisku egoeran gaudela nabarmendu du, sortzen den enplegua behin behinekoa eta prekarioa delako.
Bilbon egin den errege-opil solidarioaren banaketan hartu du parte Aburtok, eta bertan egin ditu adierazpenok. Espainiako Lan Ministerioak gaur kaleratutako datuen aurrean, bi gauza nabarmendu nahi izan ditu: egoera "hobera" egiten ari da, baina "poliki-poliki".
"165.771 pertsona zeuden izena emanda Lanbideren zerrendetan, 2014 urte amaieran. Aurreko hileko datuekin alderatuta, 2.958 pertsona zeuden langabezian. Gizarte Segurantzan, berriz, 2.943 afiliatu gehiago ditugu. Hori da datu positiboa", nabarmendu du.
Urte arteko datuak kontuan hartuta, EAEn langabezia % 0,96 jaitsi dela esan du Aburtok, eta 2013an baino 1.643 pertsona gutxiago daudela lanik gabe adierazi du. Bere hitzetan, datu hori "positiboa" da, jarduera ekonomikoa enpleguan izaten ari den eragina erakusten duelako.
Bestalde, Lan sailburuaren hitzetan, gaur kaleratutako datuek argi erakusten dute Eusko Jaurlaritzak lana sustatzeko abian jarritako bi proiektu (Lehen Aukera eta Plan Renove) emaitzak ematen ari direla.