Ekonomia -

Nazioarteko inbertsio funtsa

Bere higiezinen % 50 saldu dizkio Kutxabankek Lone Star funtsari

Neinor taldearen % 100 930 milioi euroren truke saldu dio Kutxabankek inbertsio funtsari. Horrela, finantza erakundea izanik berez ez dagokion jarduera-alorra utzi egingo du Kutxabankek.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxi gorabehera bere higiezinen % 50 saldu ditu Kutxabankek. Kudeaketa estrategian “urrats erabakigarria” dela azpimarratu du bankuak. Horrela, Neinor taldearen % 100 930 milioi euroren truke saldu dio Kutxabankek Lone Star nazioarteko inbertsio funtsari.

‘Lion Proiektua’ operazioarekin finantza erakundea izanik berez ez dagokion jarduera-alorra utzi egingo du Kutxabankek. Era berean, Espainiako higiezinen merkatua berreskuratzearen aldeko apustua egiten du Lone Starrek.

N+1 enpresak Kutxabanki aholku eman dio operazioan eta PwCk Lone Starri. Sustatzaile baten salmentarik handiena da 2007az geroztik. Salmenta apirilaren 30ean bukatzea espero dute, EAEko bankuak jakitera eman duenez.

“Bistako” abantailak

Operazioaren abantailak “bistakoak” direla nabarmendu du Euskadiko bankuak. % 50aren salmentak negozio plana bizkortzea suposatzen du; izan ere, Kutxabankek zuzenean kudeatu izan balu aktibo kopuru berdina merkaturatzeko gutxienez hiru urte beharko lituzke.

Gainera, operazioarekin higiezinen kudeaketa profesionalagoa egin ahal izango du entitateak, eta baita finantza jarduera-alorrean esfortzu guztiak jarri ere.

Hurrengo pausoak

Higiezinen negozioaren egitura berrantolatuko du Kutxabankek akordioa sinatu bitartean. Horretarako, holding bat sortuko du.

‘Newco’ horri Kutxabank, Neinor eta Neinor Barriko balantzeetako aktiboekin ekarpena egingo diote, ondoren saltzeko. Gainera, beharrezko baimen administratiboak lortuko ditu entitateak.

Bestalde, taldeko lanpostu guztiak mantenduko ditu Lone Starrek (Neinor, Inverlur, CajaSur Inmobiliaria eta Valle Romano merkatari taldea), negozioa hazteko eta handitzeko helburu argiarekin.

2014ko lehen hiruhilekoan negoziazioa hasi zuten eta lau eskaintza aztertu dituzte. Azkenean Lone Star nazioarteko inbertsio funtsaren eskaintza aukeratu du Kutxabankek.

Aurretiko eskarmentua kontuan izan du EAEko entitateak erabaki bat hartzeko garaian. Zentzu horretan, iraganean, beste merkatu batzuetan, (Alemania, Irlanda, Frantzia edo AEB) izandako krisietan azaldutako sendotasuna “oso positibotzat” jo du entitateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank albisteak